Eiken AnimaBasque-Business azokea preparetan hasi da

Bizkaie! 2007-11-26 17:19   Barriak

Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra AnimaBasque-Business Animazinoaren Nazinoarteko Azokearen preparazino lanetan hasi da klusterraren bazkidea dan Barton Films euskal enpresearen aholkularitza teknikoagaz. Azokearen lehenengo edizinoa 2008ko apirilaren 24an izango da Bilboko Euskalduna Jauregian.

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra AnimaBasque-Business Animazinoaren Nazinoarteko Azokearen preparazino lanetan hasi da klusterraren bazkidea dan Barton Films euskal enpresearen aholkularitza teknikoagaz. Azokearen lehenengo edizinoa 2008. urtean izango da, AnimaBasauri IV. Animazinoaren Nazinoarteko Jaialdiaren barruan. Helburu nagusia euskal animazino produktuari merkadu barrietara sartzeko bideak zabaltzea da.

Holan ba, Bilboko Euskalduna Jauregia animazinoaren nazinoarteko foroa izango da apirilaren 24an. Antolatzaileak, honezkero, mundu guztiko 70 konpainia baino gehiagogaz berba egin dabe.

AnimaBasque-Business izenagaz, animazinoaren nazinoarteko merkadua AnimaBasauri Jaialdiaren laugarren edizinoagaz batera egingo da eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzearen (Lehendakaritzaren bitartez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (Barrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailak kudeatutako Bultzatu programearen barruan) laguntzinoa dauka.

Merkatua zabalik dagoan bitartean, Estaduko eta Europako hainbat proiekturen ganeko erakusketea egingo da. Hartu-emon zuzenerako espazioa be izango da, profesional, produktore eta banatzaileen arteko alkarrizketa eta topaketakaz.

Azokea goizez eta arratsaldez izango da. Lehenengo, lanak ikusiko dira eta, ondoren, alkarrizketa-egutegia zehaztuko da, salmenta edo koprodukzino akordioak eta enpresen arteko lankidetza-bideak zuzentzeko. Konbidautako enpresen artean, animazinoaren arloan zeresan handia daben hainbat herrialdetako enpresak dagoz.

Ekimena Eikenen estrategiaren barruan dago. Hainbat arlo buztartzen dituen ekintzak egitera bideratutako estratega da, merkadu barrietara joteko aukerak eskaintzeko eta euskal enpresen nazinoartekotzea ahalbidetzeko.

Proiektuak aurkezteko, ekitaldiaren ganeko informazinoa jasoteko edo jardunaldira joateko, helbide honeen bitartez jarri hartu-emonetan Eikenegaz: eiken@eikencluster.com edo ab_business@bartonfilms.com.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu