Zemendiaren 19tik abenduaren 4ra, Euskal Kulturearen IX. Jardunaldiak izango dira Getxon
2007-11-14 14:45 jardunaldiakEuskera Zerbitzuaren ekimena dira eta udalerriko hainbat alkartegaz alkarlanean antolatu ditue; tartean, Bizarra Lepoan eta Egizu alkarteak, Algortako Bertsolarien Eskolea eta UK aldizkaria dagoz.
Getxoko Udaleko Euskera Zerbitzuaren ekimenez, zemendiaren 19tik abenduaren 4ra bitartean, Euskal Kulturearen IX. Jardunaldiak izango dira. Udalerriko hainbat alkartegaz alkarlanean antolatu ditue, tartean, Bizarra Lepoan eta Egizu alkarteak, Algortako Bertsolarien Eskolea eta UK aldizkaria dagoz.
Abenduaren 3an Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzen dala eta, orain dala 9 urte hasi zan ekimena antolatzen eta ospakizun egun bat izatetik, aste bat eta orain ekitaldiz betetako hamabostaldia izatera pasau da. 'Zurea zaindu, Euskara bizi' lelopean, helburua 'euskerearen presentzia iraukorra izatea da, eta ez egun honeetan bakarrik, urte osoan baino', esan dau aurkezpenean Kultura, Hezkuntza, Euskerea eta Gazteria Arloko zinegotzi Koldo Iturbek. 'Jaurdunaldiak egungo Gobernu Taldeak euskeraren erabilereagaz dauen konpromisoa zabaltzeaz gan, udalerriko alkarte askoren urte osoko lanaren emoitza dira,ahalik eta jente gehienengana heltzeko asmoz' gehitu dau. Bide horretan, antolatutako ekitaldiak udalerriko leku desbardinetan izango dira, baita gune ez euskaldunetan be.
Egitaraua
Aurten be 'Getxo 60 Karaktere' SMS lehiaketea izango da eta, berritasun legez, 'Getxo 60 segundo' Bideo Lehiaketea be izango da, gazteen artean hain errotuta dagozan ohitura barrietan eragin eta euskerearen erabilerea sustatzeko. Bigarren lehiaketan eskuko telefonoaren bidez hartutako bideotxua egin beharko dabe parte hartzaileek. Lanak aurkezteko epea zemendiaren 24ra arte egongo da zabalik eta sarien banaketa hilaren 30ean izango da.
Bestalde, zemendiaren 20an 'Euskal kantagintzearen harrobia Getxon' lelopeko kanta emonaldia izango da Estibaliz Asuak, Iraide Bilbaok eta Eneko Martinezek osotutako taldearen eskutik.
VII. Umore Jardunaldien barruan, hiru saio izango dira. Lehenengoa hilaren 21ean izango da, Gilkitxaro Antzerki Taldeak Galder Perezen testu batean oinarritutako 'Honolulu leku bat' lanagaz. Zemendiaren 22an Ander Lipusek 'Hala mintzatu zan Zapatrusta!' eskainiko dau (hainbat musikari eta aktoregaz) eta hilaren 29an Larkikun Antzerki taldeak 'Eman bira' eskainiko dau.
Bestalde, zemendiaren 23an Bertso Trameak 'Gerra garaiko Uribe Kostako bertsolariak' saioa eskainiko dau Andoni Egaña, Xabier Paya, Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolarien partaidetzeagaz.
Hurrengo egunean Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoek umeak alaituko ditue eta iluntzean erromeria be izango da. Zemendiaren 25ean Aukeran jantza konpainiak folklorea eta jantza garaikidea buztartzen dituan 'Bideak' ikuskizuna eskainiko dau eta,bi egun geroago, 'Edan ase arte' olerkia eta akordeoia batzen dituana ikusi ahal izango da.
Zemendiaren 28a bertoko toponimiaren ganeko jardunaldia egingo dabe, berbaldi eta mahainguru bategaz. Hilabetearen azken egunean II. Euskara Showa izeneko karaoke interkulturala egingo dabe.
Abenduaren 1ean Gose eta Logela Multimedia taldeen kontzertua entzuteko aukerea izango da, baita 'Azur eta asmar' izeneko umeentzako pelikularen proiekzinoa ikusteko be.
Abenduaren 3an ospatuko dan Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala eta, Getxoko euskaltegietako ikasleentzat trikikantu armozua eta kantu-kafea izango dira. Arratsaldean kirolaren ganeko mahaingurua izango da eta herriko 40 kirol alkartek 'Gehitu Kirolera' hitzarmena sinatuko dabe.
Azkenik, abenduaren 4ean Aitor Gisasolak zuzendu eta UK aldizkariak produzidu dauen 'Getxo bertoko euskaldun zaharren eskutik' titulupeko erreportajearen estreinaldia ikusi ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!