Euskadiko Filmategiak 'Bilbao?' izenburuko film amateurra berreskuratu eta zaharbarritu dau

Bizkaie! 2007-10-26 12:18   Barriak

Dokumentua 1960koa da, Policarpo Fernández Azkoagak (Sestao, 1928) grabautakoa. Pelikula zortzi milimetroan dago filmauta eta harridurea sortzen daben txabolen irudiak batzen ditu Bilbo erdi-erdian.

Policarpo Fernández Azkoagak (Sestao, 1928) 1960an grabautako 'Bilbao?' izenburuko film amateurra berreskuratu eta zaharbarritu dau Euskadiko Filmategiak. Pelikula zortzi milimetroan dago filmauta eta harridurea sortzen daben txabolen irudiak batzen ditu Bilbo erdi-erdian.

Dokumentuan, besteak beste, Doña Casilda parkea, Ingelesen zelaia, Artxandako hegala edota Etxebarria parkea agiri dira. Ezagutzen dogun Bilbogaz alde nabarmena erakusten dabe irudiek, Euskadiko Filmategiko arduradunek nabarmendu dabenez.

Berreskuraturiko dokumentua 35 milimetroko euskarri profesionalera zabaldu da, proiektore profesionalak erabilita edozein zinematan emoteko modukoa izateko. Filma hamar minutukoa da, ahotsik bakoa eta koloretan grabauta dago.

Zaharbarritze lan teknikoa Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren kolaborazinoari esker egin da. Dokumentuaren enkoadratze-argiak konpensau dira, baita filmaketearen abiadurea (lehen 16 irudi zituan segundoko, orain 24) eta irudiaren egonkortasuna be.

Dokumentua ZINEBIren (Bilboko Zinema Dokumentaleko eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia) 49. edizinoan aurkeztuko da. Jaialdia zemendiaren 29tik abenduaren 1era bitartean izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu