Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilerea ate-joka
2007-10-26 11:26 BarriakZemendiaren 19tik 24ra bitartean, aurten hogeta hamar urte beteten dituan Bideo Bileran, danetara, 46 ikus-entzunezko erakutsiko dira. Bestalde, urteurrena ospatzeko, aurreko edizinoetako kartelen erakusketea be izango da.
Hogeta hamargarren edizinoaren egitarauari azken ikutuak emotea besterik ez dabe egin behar Lekeition ospatuko dan Euskal Zine eta Bideo Bilerako antolatzaileek. Izan be, ikus-entzunezko jaialdi honen hasierea zemendiaren 19an izango da eta amaierea 24an. Halanda be, hogeta hamargarren edizinoa borobiltzeko, egun horreen aurreko astean be Euskal Zine eta Bideo Bilereagaz zerikusia daben ekintzak egingo ditue.
Zemendiaren 14an hasita, Lekeitioko Kulturetxeko erakusgelan, jaialdiko aurreko edizinoetako kartelen erakusketea izango da ikusgai. Erakusketa horretan erakutsiko dira, baita, urteetan festibalaren inguruan banatu diran eskuorriak, garaikurrak eta abar. Bileran, aspaldiko urteetan emondako pelikulak ikusteko eta jaialdi honek izan dauen bilakaerea eta, orokorrean, euskal ikus-entzunezko munduak dauen momentuaren ganean berba egiteko aukera parebakoa izango da.
Baina atzera begiradeak garrantzia izan arren eta horretarako hogeta hamargarrenaren antzeko zenbakiak aproposak izan arren, Euskal Zine eta Bideo Bilerearen helburua ez da hori, aurreko urteetan erakutsi dana baino hobea eta desbardinagoa izatea baino. Horri ekin deutsie antolatzaileek eta, aurtengo ikus-entzunezkoak igazkoak baino hobeak eta desbardinagoak dirala adierazotea ikusleei bajagoke be, jaialdiaren antolatzaileek jakinarazo dabe inoiz baino lan gehiago aurkeztu dirala aurtengo emonaldira eta ikusleen gustuak asetzeko moduko lanak izango dirala bertan. Batzuk laburrak, beste batzuk luzeak, Aitzol Aramaio edota Ane Muñoz lako egile ezagunek eginak, baina badira hasibarrien lanak be.
Amateurrak edo profesionalak, argumentuzkoak zein dokumentalak edota sormenezkoak. Danetara, 46 ikus-entzunezko lan, danak ikusgai zemendiaren 19tik 24ra Lekeitioko Ikusgarri aretoan arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Salbuespen legez, zemendiaren 16an Kultur Etxean Sare konpontzaileak lana erakutsiko da. Obra hori lehiaketatik kanpo dago baina jorratzen dauen gaia ikusita, egun horretan jartea adostu dabe antolatzaileek.
Ikus-entzunezkoen egarria dauenak badauka non asetu Lekeition zemendiaren 19tik 24ra bitartean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!