Kultura desbardinetako musikek emongo deutse amaierea IV. Bidaiarien Txokoari

Bizkaie! 2007-10-03 19:21   jardunaldiak

Urriaren 3an hasiko da igaz 1300 lagun batu zituan ekimena. Alberto Iñurrategiren esperientzia Himalayan, ume baten lehen bidaia Euskal Herritik zehar bizikleta gainean, euskal baleontziek XVI eta XVII. mendeetan Kanadako Ipar Atlantikoan izandako ibilerak eta Rapa Nui-ko sumendietara egindako espeleologia espedizinoak izango dira Bidaiarien Txokoaren IV. edizinoko berbaldien gai nagusiak.

Urriaren 3an hasiko da igaz 1300 lagun batu zituan ekimena. Alberto Iñurrategiren esperientzia Himalayan, ume baten lehen bidaia Euskal Herritik zehar bizikleta gainean, euskal baleontziek XVI eta XVII. mendeetan Kanadako Ipar Atlantikoan izandako ibilerak eta Rapa Nui-ko sumendietara egindako espeleologia espedizinoak izango dira Bidaiarien Txokoaren IV. edizinoko berbaldien gai nagusiak.

Bilboko 4. barrutian (Begoña, Santutxu eta Boluetako auzoetan) urrian eta zemendian egingo dan programa hau Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak bultzatu dau, Radio Euskadiren laguntzinoagaz. Ikus-entzunezko emonaldiakaz osotzen diran lau berbaldi izango dira urrian Begoñako Udaltegian, eta egoitza honek bidaiak antolatzen ikasteko tailerrak eta erakusketak be hartuko ditu bidaien munduan oinarritutako ekimen honen barruan. Aurten, gainera, egutegia eta ekintzen programea handitu egingo dau programeak, zemendian zehar formatu txikiko hainbat kontzertugaz gozetako aukera egongo baita.

Era berean, urriko martitzen eta eguenetan bidaiak antolatzen ikasteko tailerrean parte hartu ahal izango da, bidaian joan baino lehenago kontuan hartu beharrekoak landuz.


Erakusketak

- Urriaren 1etik 11ra, Bidariarien Txokoa Postal Lehiaketan jasotako lanen aukeraketea ikusteko aukerea egongo da Begoñako Udaltegiko erakusketa aretoan.

- Hilaren 15etik 31ra, barriz, Rapa Nui, La tierra de Hotu Matu´a izeneko 3 dimensinotako argazki bildumea egongo da Begoñako Udaltegiko erakusketa aretoan.

- Hilaren 15etik 31ra, Begoñako liburutegian, Caribe: Mendebalaizea erakusketan, Karibea osotzen daben irla multzoen gida, liburu, mapa eta musika diskoak egongo dira ikusgai.


Berbaldiak eta ikus-entzunezko proiekzinoak

- Eguaztena, urriak 3. Arratsaldeko 19:30ean. Alberto Iñurrategi: Gure Himalaya

Himalayan 1991 eta 1998 bitartean Felix anaiarekin batera bizi izandako esperientziagaz edegiko dau Alberto Iñurrategik hitzaldi eta ikus-entzunezkoen programazinoa.

- Eguaztena, urriak 10. 19:30ean. Mikel, Rosa eta Eki. Euskal Herria en bici: mi primer viaje. Bateragarria al da ama-aita izatea bizikletaz egindako bidaia bategaz? Zer egiten jako deigarria ume bati bere lehen bidaian? Urrutira joan barik egin daiteke bizikletaz bidaia interesgarri bat? Galdera honeei eta beste batzuei erantzuna emoten saiatuko dira.

- Eguaztena, urriak 17. 19:30ean. Jon Maia. Apaizac Obeto: itsasoa, hitzak eta irudiak (euskerazko hitzaldia). Euskal itsas kultura sustatzeko helburua dauen Albaola Elkarteko kideek 2006an antolatutako espedizinoaren izena da Apaizac Obeto. Euskal baleontziek XVI eta XVII. mendeetan Kanadako Ipar Atlantikoan izandako ibilerak bizibarritu zituan taldeak. Jon Maia bertsolari eta idazleak hartu eban nabegazino-egunkaria idatzi eta bidaiak aurrera egin ahala dokumentazinoa batzeko ardurea.

- Eguaztena, urriak 24. 19:30ean. Gaizka Carretero - Javier Les. Rapa Nui, La tierra de Hotu Matu´a. Ozeano Barean kokatuta dago Rapa Nui eta jentea bizi dan planetako bazterrik ezkutuena dala esan ohi da. Leku honen isilpeko kontuak ezagutzeko asmoz joan zan Euskal Herriko espeleologoen espedizinoa 2005ean, Javier Les-en zuzendaritzapean eta Gaizka Carretero espeleologoa be tartean zala.


Kontzertuak

Lehenengo aldiz antolatu dan Munduko Musikak ekimenean, zemendiko eguaztenetan, 19:30etan, Begoñako Udaltegiko Ekitaldi Aretoa kultura desbardinetako erritmoakaz beteko da.

- Zemendiaren 7an, Kubako Kyara taldeak eskainiko dau kontzertua.

- Zemendiaren 14an, bereber musikea izango da nagusi Almaqam taldeagaz. Doinu bereber tradizional eta herrikoiak Marokko iparraldeko abeslarien doinu barriakaz buztarturik.

- Zemendiaren 21ean, Mauricio Meneses brasiladarraren txandea izango da. Brasilgo musika herrikoian zehar ibilbidea egingo dau taldeak, samba edo bosanova doinuak landuz.

- Txalaparta doinuakaz, Oreka TX euskaldunek zarratuko dabe Bidaiarien Txokoa programearen IV. edizinoa zemendiaren 28an; Nömadak TX dokumentala eskainiko da, Harkaitz Martínez de San Vicente eta Igor Otxoa musikariek txalaparta bizkarrean hartuta lau urtetan zehar egindako bidaiaren inguruan egindako dokumentala. Indian, Mongolian, Laponian eta Saharako basamortuan bizitakoa komentetako aukerea egongo da emonaldiaren ondoren taldekide bategaz egingo dan berbaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu