Zinemagile gazteak protagonista Bilboko Zinebiklub film laburren zikloan
2007-10-03 15:10 BarriakZinebiklub film laburren programazinoaren aurtengo edizinoak euskal eta kubatar zinemagileak emongo ditu ezagutzera astero Abandoko udaltegian (Barrainkua) eskainiko diran saioetan.
Zinebiklub film laburren programazinoaren aurtengo edizinoak euskal eta kubatar zinemagileak emongo ditu ezagutzera astero Abandoko udaltegian (Barrainkua) eskainiko diran saioetan. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia (Zinebi) eta urrian, zemendian eta abenduan egingo diran ekitaldietan, euskal herritar bideoartisten lanak ikusteko aukerea eskainiko dau, bai Gerra Zibileko biktimei buruzko dokumental bat eta igazko zikloan lehian izan ziran zenbait lan be. Kultura eta Hezkuntza Sailaren programa honek, eguenero, 19:30tik aurrera eta doban, zinema alternatiboaren aukeraketa bat eskainiko dau, 100 jesarlekuz eta Dolby sistemaz hornidutako areto berregokitu batean.
Antolatzaileek jakinarazo dabenez, urrirako aurrikusten diran lau saioak kubatar zinema gazteari eskainiko jakoz, fikzinoa, dokumentalak eta animazinoa sartuz. Zemendian, Erandioko Ategorri Tartanga institutuan ikus-entzunezko arloan ikasle diran artista gazteek izango dabe txandea, eta abenduan, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arte Ederretako ikasleek izango dabe lekua.
Zemendiaren 8ko emonaldia 73 minutuko pelikula batek beteko dau: ‘Tras un largo silencio’, Sabin Egilior zuzendariarena; gidoia be Egiliorrena da. Proiektu hau Gerrra Zibilean desagertu eta fusilautako zenbait senideen gorpuen berreskuratze nahian oinarritzen da. 75 ordutik gora filmau ziran egoera ha bizi ebenen eta euren senideen testigantzakaz, ikus-entzunezko memoria bizia eratzeko asmoagaz.
Zemendiko egitaraua bideo-arteko hiru euskal produkzinok osotuko dabe: Ramon Churrucaren ‘Mefisto y Fausto’, Chucho Núñez-en ‘Love Stoty’ eta Iratxe Jaio eta Klass Van Gorkum holandarraren artean egindako ‘Marea’. Abenduaren 27an amaituko da ziklo hau, igazko Zinebiko edizinoan aurkeztu ziran film dokumental, fikzino eta animazino generoetako aukeraketa bategaz, nazinoarteko zazpi produkzinoakaz (Errusia, Euskal Herria, Zipre, Hungaria, Erresuma Batua eta Espainia) datozen emonaldiak, hain zuzen be.
Zinebiklub zikloa Bilboko eskaintza zinematografikoa osotzea bilatzen dauen ekimena da. Fikzinoa, animazinoa edota dokumental esperimentalak lako azpigeneroak lako programazino ez ohikoari lekua egitea bilatzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!