‘Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia’ ekimenak kultur ekitaldi-programa zabala abiarazoko dau urrian

Bizkaie! 2007-09-25 15:28   jardunaldiak

Programazinoaren helburua, auzoari balioa eranstea da, erakargarriagoa eginaz bilbotarrentzat eta, aldi berean, uriko ganerako auzoakazko loturak sendotuz, kulturea oinarri hartuta.

‘Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia’ ekimenak musikea, berbaldiak eta kaleko jarduerak batuko ditu urriaren 2tik 21era bitartean, baita argazki erakusketa bat be Artelan Berreginen Museoan. Programazinoaren helburua, auzoari balioa eranstea da, erakargarriagoa eginaz bilbotarrentzat eta, aldi berean, uriko ganerako auzoakazko loturak sendotuz, kulturea oinarri hartuta, kontzertuak, berbaldiak eta kaleko ekitaldiak programau ditue, bai eta argazki erakusketa handi bat be Berreginen Museoan ‘Allende La Puente’ izenburupean.

Ekimena Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako 2005-2009rako Plan Bereziaren barruan garatu da. Plan honek kulturearen aldeko apustua planteetan dau, bazterkeria sufridu behar izan dauen auzo honeen eraldaketea garatzeko eragilea izan daiten.

Argazki erakusketa bat izango da ‘Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia’ zikloaren barruan antolatuko diran jarduera desbardinen ardatz nagusia. Erakusketea, lanaren kalidadeagatik eta auzoagazko lotureagaitik aukeratutako bertako lau artistak eratu dabe, Txema Franco, Ignacio Saez, Felipe Uribarri eta Jaime Gartziak, hain zuzen.

Argazki erakusketea, ‘Allende La Puente’ urriaren 2tik 21era bitartean egongo da ikusgai San Frantziskoko eraikin bereizgarrienetako batean, Mariaren Bihotza eleiza zaharrean. Erabarritze lanak egin ondoren, bertan kokatuta dago gaur egun Bilboko Artelan Berreginen Museoa. Erakusketea girotzeko, Baseline (Pilar Baizan) eta Holandako Rinus van Alebeek audio-artistek landutako soinu-muntaia eskainiko da.


Kontzertuak

Abangoardiako musikea izango da ‘Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia’ ekimenaren beste protagonistetako bat. Urriaren 18rako, DJ performance bat programau da Berreginen Museoan Lethargy-ren eskutik. Musika elektronikoaren alorrean, hauxe da nazinoarteko zabalkunderik handiena lortu dauen talde espainiarra. Bikoteak bi disko plazaratuak ditu Belgika eta Alemanian, eta hogeitahamar doinu eta nahasketa inguru nazinoarteko bilduma-diskoetan. Euren azken lana, ‘Electric cabaret’, Argentinako Dirty Noise Records zigiluak editau eta Kompakt zigilu alemanak zabaldu dau on-line mundu osora. Kontzertu hau dobanekoa izango da.

Urriaren 13 eta 20an beste musika-emonaldi bi izango dira Bilborocken. Lehenengoa The Sunday Drivers taldeak eskainiko dau. Toledoko seikote honek zortzi urteko ibilbidea egina dauka pop musikearen alorrean eta Europako herrialde desbardinetan arrakastea lortzeaz gan, euren kantuak zenbait pelikulatako soinu-bandetan sartu ditue. Telonero legez, Bilbon finkatutako John Franks musikari ingelesa buru dauen Smile laukotea taularatuko da. Hilaren 20an, THC eta The Matt Harding Project taldeen txandea izango da. Lehenengoa, house eta jazz musikea zuzenean nahastetan dauen talde nafarra da, zazpi musikariz osotutakoa. Matt Harding, barriz, folk, country, jazz eta blues musikak buztartzen dituan AEBetako Mendebaldeko kostako musikari eta musikagile aparta dogu.


Dobako gonbidapenak

Kontzertu guztiak dobanekoak izan arren, Bilborockeko kontzertuetarako gonbidapenak jaso behar izango dira. Gonbidapenak San Franciskoko Udalbarrutian (Corazon Maria Plazan, astelehenetik barikura bitartean goizeko 08:30etatik 21:00etara) eta Berreginen Museon (San francisco, 14; martitzenetik zapatura, goizeko 10:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara arratsaldez eta 10:00etatik 14:00etara domeka goizetan) jaso ahal izango dira kontzertua izango dan bezperaraino. Kontzertuko egunean, Bilborrockeko lehiatilan jaso ahal izango dira arratsaldean. Persona bakotxeko 4 gonbidapen besterik ez dira emongo, irailaren 27tik aurrera izango diralarik eskuragarri.

Era berean, urriaren 5erako, eta Aldauri Fundazinoagaz alkarlanean, kaleko kontzertu bat programau da Mariaren Bihotza Plazan, Mauricio Meneses eta Baskaf taldearen eskutik. Lehenengoa Brasilgo kantari, gitarrajole eta musikagile ezaguna da, bossa nova eta beste erritmo karioka batzuk jazz musikeagaz fusionetan dituana. Baskaf 10 musikariz osotutako taldea da, Bilbon bizi diran kongoarren alkarte baten ekimenez sortutakoa.


Berbaldiak

Bilbo Zaharra eta ganerako auzoen arteko banaketa fisikoak uriaren sorreratik ekarri dituan ondorio historikoak aztergai izango ditue San Frantziskoko Udaltegian eskainiko diran lau berbaldietan. Itsasadarraren bi bazterren arteko loturak eta desbardintasun mueta guztiak (sozialak, urbanistikoak, ekonomikoak), eta bi uriguneen arteko zubien eraikuntzea aztertzeko, lau berbaldi antolatuko dira, Jose Antonio Perez EHUko irakasle eta Historia-doktoreak koordinauta.


Hormirudiak

Kaleko jardueren barruan, jazoerarik deigarriena neurri handiko hiru hormirudi izango dira, Mesede eta Martzana kaietan eta Mariaren Bihotza Plazan. ‘Jazoera Plastiko Urbanoa’ hiru egunetan zehar egingo da (urriaren 3tik 5era bitartean), eta programea amaitu arte itxiko da ikusgai esparru publikoan. Hiru hormirudi erraldoi honeek izen handiko artista eta kolektiboek (Extralargos, DK Muralismo eta Fragil) egingo ditue.

Auzoaren kultur nortasuna sendotu eta irudi baikorra emoteko helburua dauen programazino hau osotzeko, Bilbo Zaharrerako bisita gidatuak eta herri lasterketa bat (hau Bilbo Zaharreko Dendarien Alkarteagaz batera antolatuko da) egingo dira. Hiru ibilbide desbardin izango dira (‘Ibilbidea historian zehar’, ‘Bilbo sortzailea’ eta ‘Bilbo Zaharra’) eta urriaren 5, 18 eta 20rako programau dira. Bestalde, lasterketea urriaren 7an egingo da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu