Iciar Bollain eta Gracia Querejeta zuzendarien lanak lehiatuko dira Donostiako Zinemaldian

Bizkaie! 2007-08-07 02:00   Barriak

‘Mataharis’ (Bollain) eta ‘Siete mesas de billar francés’ (Querejeta) filmak izango dira, beste batzuen artean, Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartuko daben bi filmak.

Iciar Bollain eta Gracia Querejeta zuzendariak irailaren 20tik 29ra bitartean egingo dan Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 55. edizinoko Sail Ofizialean lehiatuko dira. ‘Mataharis’ (Bollain) eta ‘Siete mesas de billar francés’ (Querejeta) filmak izango dira Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartuko daben bi filmak, beste batzuen artean. Aurtengo edizinoan, epaimahaiaren burua Paul Auster izango da eta Zinemaldiari David Cronenberg zuzendariaren 'Eastern Promises' filmak emongo deutso hasierea. Amaierearen arduraduna 'Flawless' filma izango da, Michel Radforren thrillerra.

Zinemaldiko iturriek jakinarazo dabenez, zuzendari biek lehenago be parte hartu izan dabe Donostiako Zinemaldian. Iciar Bollain aktore, gidoilari eta zuzendaria 2003an lehiatu zan ‘Te doy mis ojos’ lanagaz eta gizonezko (Luis Tosar) eta emakumezko (Laia Marull) aktore onenen Zilarrezko Maskorrak eskuratu zituan.

Gracia Querejeta zuzendari eta gidoilaria, barriz, 1996an lehiatu zan ‘El último viaje de Robert Rylands’ lanagaz eta 1999an be bai, ‘Cuando vuelvas a mi lado’ filmagaz. Argazkilaritza onenaren saria (Alfredo F. Mayo) eta Gracia Querejetarentzat Aitamen Berezia lortu zituan, bere zuzendaritza bikainagaitik.

Zabaltegin, estaduko hiru filmek izango dabe zuzendari baten lehen edo bigarren lanaren Altadis-Zuzendari Barriak saria eskuratzeko aukerea: Max Lemckeren ‘Casual Day’, Diego Fandosen ‘Cosmos’ eta Tom Fernandezen ‘La torre de Suso’. Max Lemckek bere bigarren filma aurkeztuko dau ‘Mundo fantástico’ lanaren ondotik; Diego Fandosenak eta Tom Fernandezenak, barriz, euren lehenengo film luzeak dira.

Horrezaz ganera, Zabaltegi Bereziak atalak, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako ‘Lucio’ dokumentala eta errealidadea eta fikzinoa bateratzen dituan Omer Okeren eta Txarli Llorenteren ‘Querida Bamako’ filmak jasoko ditu. Ganera, Carlos Sauraren ‘Fados’ film barriaren emonaldi berezi bat eskainiko da, ‘Flamenco’ eta ‘Tango’ lanakaz hasitako trilogiari amaierea emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu