Arrigorriagak ‘Harri gorrien mezua’, Euskal Herriaren historia errepasetan dauen lehenengo ibilbide turistikoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2007-06-25 02:00

‘Harri gorrien mezua’ izeneko ibilbide turistiko honek zortzi etapa dituan kilometro eta erdiko ibilbidea zehaztu dau herriko lekurik bereizgarrienetan zehar. Ibilbidearen ardatz nagusia Padurako Batailea da, herriari oraingo izena emon eta 888. urtean Bizkaiko Jaurerriaren sorrerea markau ei ebana.

Arrigorriagako Udalak, bertakoei nahiz bisitariei herriaren eta Euskal Herri osoaren historia hurreratzea helburu dauen ‘Harri gorrien mezua’ dobako ibilbide turistikoa aurkeztu dau gaur goizean. Aisia eta turismo arloko eskaintza barri hau Alberto Ruiz de Azua, Arrigorriagako alkateak, Jose Luis Urrutia idazleak eta ekimen hau bultzatu dauen Lautso enpresako Miguel Atxotegik aurkeztu dabe.

‘Harri gorrien mezua’ izeneko ibilbide turistiko honek zortzi etapa dituan kilometro eta erdiko ibilbidea zehaztu dau herriko lekurik bereizgarrienetan zehar. Ibilbidearen ardatz nagusia Padurako Batailea da, herriari oraingo izena emon eta 888. urtean Bizkaiko Jaurerriaren sorrerea markau ei ebana.

Arrigorriaga Euskal Herriaren historiagaz lotzen dauen jazoera horretatik abiatuta, ibilbideak denporan zehar bidaiatzeko aukerea emoten dau, euskerearen jatorrian eta euskal mitologian sakonduz eta Ameriketarako emigrazinoa, industrializazinoa, Foru Erregimena eta Karlistadak lako fenomenoen nondik norakoak arakatuz.

Ibilbidearen inaugurazinoa zapatu honetan, bagilaren 30ean egingo da, 12:00etatik 14:00etara bitartean, eta bertan, antzezle batzuek, ibilbidean errekreautako garai desbardinen antzera karakterizauta, Arrigorriagako kultura eta historiaren alderdirik nabarmenenak eta Euskal Herriagazko hartu-emonak azalduko deutseez bisitariei. Herritarrei eta bisitariei zabaldutako jai-ekitaldi honetan, ibilbidea lehenengo aldiz egiteko aukerea eskaintzeaz gan, ‘Harri gorrien mezua’-ren historia batzen dauen komiki bat banatu eta puzgarriak, herri kirolak eta bestelako jarduerak antolatuko ditue txikienentzat; hori guztia Ibon Koteronen musikaz alaituta.

Antzezle horreek inaugurazino ekitaldian errezitautako testuak, dobako audio-gida batzuetan batuta, ‘Harri gorrien mezua’ ezagutzera inguratzen diran bisitarien eskueran jarriko dira garagarrilaren 1etik (igandea) ibilaldia amaitutzat joko dan urriaren 31ra arte.

Audio-gidetan batutako aitamen historikoak Jose Luis Urrutia idazleak landu eta ETBko ‘Lau haizeetara’ eta beste dokumental batzuetan ahotsa jarri dauen Kepa Kueto esatariak irakurri ditu, besteak beste. Horrezaz gan, audio-gidek ibilbide honetarako propio egindako jatorrizko musika eta efektu bereziak ditue. Ibon Koteron, Joselu Angulo, Ruben Isasi eta Roberto Sanchez musikari ezagunak dira doinuen egileak. Audio-gida honegaz batera, bisitariek komiki bat jasoko dabe. Euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratutako komiki honek (irudiak Javi Kintara marrazkilariarenak dira eta testuak Jose Luis Urrutiarenak) ‘Harri gorrien mezua’ topetan lagunduko deutse, joan dan mendeko 30eko hamarkadearen hasieran ibilbide bera egin eban kazetari poloniar baten ikuspegitik.

Gainera, ibilaldian parte hartzen dabenek herriko edozein tabernetan edaria eta pintxoa hartzeko eskubidea emongo deutsen txartel bana jasoko dabe ibilaldiaren hasieran. Ibilaldiaren lehen gunea Eskola Zaharrean dago, eta eraikinaren beheko aldean Informazino Gunea ezarri dabe.


‘Harrigorrien mezua’

‘Harri gorrien mezua’-k zortzi etapaz osotutako kilometro eta erdi inguruko ibilbidea dauka, bisitariek denpora-mugarik barik egiteko modukoa. Ibilbidean zehar, behearen gainean jarritako seinaleek zehaztuko ditue geldialdiak, eta bisitau beharreko gune bakotxari buruzko azalpenak audio-gidetan entzun ahal izango dira.

1- Eskola Zaharra - Euskerea, Euskaldunen Hizkuntzea. Lehenengo gune honetan, ibilaldiko bisitariek euskerearen jatorria argitzeko mendez mende landu diran teoria desbardinak ezagutu ahal izango ditue.

2- Andre Maria Magdalena Eleizea — Euskal Mitologia. Eleizako arkupean, audio-gidak Euskal Herriko uniberso mitologikoko jainko eta jeinu nagusiak azalduko ditu. Azalpenak Erdi Aroko hilarri eta harrizko sarkofago baten ondoan entzun ahal izango dira.

3- Pergolea - Padurako Batailea. Bizkaitarrek, Jaun Zuriaren buruzagitzapean, askatasunaren aldeko burrukan jardun eben 888. urtean asturleondarren kontra, Padurako zelaietan. Batzuen esanetan, garaipen haretatik sortu zan Bizkaiko Jaurerria.

4- Anfiteatroa - Batzar Nagusiak. Anfiteatroan jesarrita, bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dabe zertarako eta zelan iragarten ziran Erdi Aroan Batzar Nagusiak, Foru Erregimenaren oinarrietako bat.

5- Moiordin zubia - Karlistadak. Euskal Herria izan zan XIX. mende osoan liberalak eta karlistak alkarren kontrako burrukan jarri zituan hiru gerra zibilen eszenatoki nagusietako bat.

6- Kultur Etxea - Ekonomia. Etapa honetan, bisitariak Arriagako ekonomiaren oinarriak ezagutu ahal izango ditu, azken Karlistadearen ondoren hasi zan industrializazinotik gaurdaino.

7- Baruako parkea — Amerikarako emigrazinoa. Karlisten galereak ekarri zituan ondorio politiko eta ekonomikoen haritik, euskaldun askok Amerika aldera jo eban fortuna bila. Hara joandako asko etxera itzuli ziran indiano aberats bihurtuta, eta herriko arkitekturea Amerikako exotismoaz aberastu eben.

8- Frontoi Txikia - Herri kirolak. Azken etapak frontoirako bidean jarriko ditu bisitariak, hori izan baita betidanik euskaldunen arteko topagunea.


Egunak eta ordutegiak:

‘Harri gorrien mezua’ ibilbidea zapatu honetatik, bagilak 30, urriaren 31ra arte egin ahal izango da, ondorengo egun eta ordutegietan:

- Eguazten, eguen eta barikuetan, 11:30etatik 14:00etara.
- Zapatu, domeka eta jaiegunetan, 11:30etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30etara.
-Astelehenak eta martitzenak taldeentzat erreserbau dira.


Informazino gehiago:


www.harrigorrienmezua.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu