Zinemaldiak Philippe Garrel zinemagile frantsesaren lana omenduko dau

Bizkaie! 2007-06-22 02:00   Barriak

Irailaren 20tik 29ra bitartean egingo dan Donostiako 55. Nazinoarteko Zinemaldiak atzera begirako sail bat eskainiko deutso zinemagile frantsesaren lanari. Garrel Frantziako zinematografiaren zinemagilerik independenteenetakoa da, 'nouvelle vague' korrontearen ondorengo zuzena.

Irailaren 20tik 29ra bitartean egingo dan Donostiako 55. Nazinoarteko Zinemaldiak atzera begirako sail bat eskainiko deutso Philippe Garrel zinemagile frantsesaren lanari.

Philippe Garrel da Frantziako zinematografiaren zinemagilerik independenteenetakoa, 'nouvelle vague' korrontearen ondorengo zuzena, baina baita Robert Bresson eta Jean Eustacherena be. 1964an hasitako jardunbidean, zinema isolazionistea eta beste hainbat estilo landu ditu, bikotearen, drogen eta jarduera zinematografikoaren beraren ganeko gogoetak be tartean dirala.

Maurice Garrel aktore beteranoaren semea, Thierry Garrelen anaia (‘La Sept’ dalakoaren egileetako bat) eta Louis Garrel aktorearen aita (oso ezaguna Bernardo Bertolucciren ‘Ameslariak’ filman eginiko lanaz geroztik), bere ibilbidean oso ezaugarri berezkoak dituezan emakumezko aktoreakaz egin dau lan: Nico (urteetan bikote izan eban), Jean Seberg, Bulle Ogier, Tina Aumont, Anne Wiazemski, Emmanuelle Riva, Mireille Perrier, Anemone eta Catherine Deneuve.

Arpegi eta sentimentuz jositako bere pelikulen artean lehen garaiko lan funtsezkoenetakoa dan ‘La cicatrice intérieure’ (1970) filma dago. Gero etorri ziran ‘Un ange passe’ (1975), ‘L'enfant secret’ (1979), ‘Les baisers de secours’ (1988), ‘La naissance de l'amour’ (1993), John Calen musikeagaz eta ‘Le vent de la nuit’ (1998) eta ‘Les amants réguliers’ (2005) filmak. Azken horri esker, Veneziako zinemaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia saria jaso eban.

Donostiako Zinemaldiak frantses zinemearen erreferenteetariko bat emongo dau ezagutzera, Gus Van Sant, Olivier Assayas eta Jose Luis Guerin zinemagileek inspirazino-iturri legez hartu izan dabena.

Atzera begirakoagaz amaitzeko, Donostiako Zinemaldiak Euskadiko Filmategiagaz alkarlanean egindako ekimenari esker, zinemagilearen lanaren ganeko liburua argitaratuko da, Quim Casasen koordinazinopean eta egile askoren artean idatzia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu