Eustatek eskola webgunea aurkeztu dau

Bizkaie! 2007-06-22 02:00

Estatistika ofiziala gero eta ezagunagoa eta erabiliagoa izateko beharra ikusi dau Estatistikearen Euskal Erakundeak eta horrek bultzatuta sortu dau webgunea.

Estatistika ofiziala gero eta ezagunagoa eta erabiliagoa izateko beharra ikusita, Estatistikearen Euskal Erakundeak (Eustat) bere eskola webgunea aurkeztu dau. Eustaten arabera, estatistika ofizialaren ezagupena eta erabilpena sustatzeko abiapunturik egokiena gazteak dira eta hareei zuzenduta dago, batez be, webgunea.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako orria da. Ekimena ez da barria, munduko beste hainbat webgune estatistikotan adibideak topetea ez da gatxa. Halanda be, Eustaten eskola webgunean edukiak sakonago aztertzen dira; izan be, ikaslearen mailearen araberako Garapen Kurrikularraren Dekretuetan oinarrituta eratu dira gaiak. Kontuan izan behar da hezkuntza-sisteman estatistikea, batez be, matematika, geografia, ekonomia eta gizarte zientzietan dagoala.

Datozan urri, zemendi eta abenduan, Eustatek web-atal barriaren sustapen kanpainea egingo dau Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskoletan. Irakasleakaz batzarrak egin, materialaren barri emon eta erabilpenaren erraztasuna azpimarratuko dabe.

Promozinoaren egiturea definiduteko, irakaslea hartu da elementu garrantzitsu legez, izan be, webgunearen arduradunen esanetan, ‘ikasleek eskola webgunea irakaleak esandakoaren arabera erabiliko dau’. Horregaitik, irakasleentzako lan-tresna erabilgarria sortzea da Eustaten helburua.

Eustaten eskola webgunea hamar unidade didaktikok osotzen dabe (biztanleria, hizkuntzea, teknologia barriak..) eta unidade bakotxean hamar lan dagoz; lanak PDF dokumentuak dira eta bertan ikasgelan gai estatistiko konkretu bat lantzeko jarraibideak emoten dira. Ganera, beste hainbat atal osogarri be badagoz, okerrak, jolasak, testa edota ‘altxorraren bila’, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu