‘Nomadak Tx’ pelikuleak Film Musikal Onenaren saria irabazi dau Washingtonen

Bizkaie! 2007-06-22 02:00   Barriak

‘Nomadak Tx’ filmak Musikazko Dokumental Onenaren saria jaso dau Washington D.C. urian oraintsu egindako Discovery Channel telebista katearen Silverdocs Zinemaldian, AEBetako dokumentalaren alorreko izen handiko zinemaldian, hain zuzen.

‘Nomadak Tx’ filmak Musikazko Dokumental Onenaren saria jaso dau Washington D.C. urian oraintsu egindako Discovery Channel telebista katearen Silverdocs Zinemaldian, AEBetako dokumentalaren alorreko izen handiko zinemaldian, hain zuzen.

Gauzak holan dirala, Txalap.Art, Arena Comunicacion Audiovisual eta Paralell 40-k alkarregaz produzidutako ‘Nomadak Tx’ pelikuleak bere nazinoarte mailako sarien zerrenda gehitzen jarraitzen dau eta, Euskal Herriko mugetatik kanpo, onarpena jaso eta arrakastea lortzen jarraitzen dau.

Silverdocs Zinemaldiko epaimahaiak ‘Nomadak Tx’ saritu eban ‘ausarta eta ikuspuntu ederra eta hunkigarri bategaz, munduko musiken benetako esentzia eta espiritua jasoten dituan dokumentala eta abentura, musika eta dokumentalaren arteko oztopoak gainditzeko animetan gaituan filma’ dalako.

Joan dan astegoienean, Oreka Tx txalapartarien euskal taldeak protagonizautako filma AEBetako hiru zinemalditan aurkeztu eben aldi berean: Seattle-go Nazinoarteko Zinemaldian, Nantucket Zinemaldian eta aitatutako Silverdocks-en.

Laster, ‘Nomadak Tx’ Alemania, Polonia eta Bulgariako zinema komertzialetan estreinauko da, Euskal Herriko zinematan hilebetean ikusgai egon eta Donostia, Guadalajara (Mexiko), Amsterdan, Belfast eta Paris lako ospe handiko nazinoarteko zinemalditan sariak jaso eta gero.

‘Nomadak Tx’ filmaren egileek euren lana mundu zabalean aurkezten jarraitzeko asmoa dabe. Astegoien honetan Hegoafrikara joango dira, Durbango Nazinoarteko Zinemaldira, eta jarraian Galway-ko Fleadh Zinemaldian (Irlanda), Marsella-ko FID-ean (Frantzia), eta Golden Apricot Yerevan Nazinoarteko Zinemaldian (Armenia) aurkeztuko dabe pelikulea.

Jarraian, abuztuan, ‘Nomadak Tx’, Melbourneko Nazinoarteko Zinemaldian (Australia), Taipei Film Festival (Taiwan) edota Kaliforniako (AEB) Napa Sonoma Zinemaldian izango da, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu