Hirugarren Bilbao Roots Festival jaialdirako sarrerak salgai dagoz

Gotzon Uribe 2007-06-08 02:00   Musikea

Bigarren edizino arrakastatsuaren ondoren, jamaikar musikea lantzen dauen Erromoko Brixton produktoreak hirugarrenez antolatuko dau jaialdia, garagarrilaren 4an eta 5ean, Bilboko Kafe Antzokian. Aurten, Israel Vibration eta Tokyo Ska Paradise Orchestra taldeak izango dira protagonista nagusiak.

Brixton produktoreak antolatuta, garagarrilaren 4an eta 5ean Bilboko Kafe Antzokian ‘3. Bilbao Roots Festival’ jaialdia antolatuko da.

Bigarren edizino arrakastatsuaren ondoren, jamaikar musikea lantzen dauen Erromoko Brixton produktoreak hirugarrenez antolatuko dau jaialdia. Apirilean The Skatalites eta Capleton artistak Bilbon ikusteko aukerea izan bagenduan, oraingoan jamaikar doinuak lantzen dituezan pisu handiko talde bi hurreratuko dira Bilbora.

Garagarrilaren 4an, eguaztena, gaueko 21:30ean, Israel Vibration taldea ikusteko aukera izango dogu. Israel Vibration eskarmentudun reggae talde jamaikarra da, ahots hirukote batek sortua. Lascelle ‘Wiss’ Bulgin, Albert ‘Apple Gabriel’ Craig eta Cecil ‘Skeleton’ Spence umetan alkarregaz egon ziran polio gatxak jotako umeentzako osasun-zentro batean. Urte batzuk geroago, bakotxa bere aldetik rastafariar sinistun bihurtuta, Kingstonen egin eben bat, ahots hirukotea sortuz. Berehala, 70ko urteetako roots reggae talderik ospetsuenetakoa bilakatu zan Israel Vibration. Dozenaka album osotu dituez 1978ko The Same Song diskoa argitaratu ostean. Egun, bikote moduan joten dabe Lascelle eta Cecil taldekideek, Albert Craigek bakarkako ibilbideari ekin deutsolako talde oso baten laguntzinoagaz.

Hurrengo egunean, Bilboko Kafe Antzokian, gaueko 22:00etatik aurrera, Tokyo Ska Paradise Orchestra taldea izango da. Tokyo Ska Paradise Orchestra 1991n sortu zan Japonen oso ezaguna ez zan musika estiloa jorratzen. Underground-ean hasita, laster egin ziran ezagun, zuzeneko indartsua egiten dauen 10 laguneko banda ikusgarria dalako. Honezkero 12 disko kaleratu ditue, azkena aurtengo bagilean argitaratutako ‘Wild peace’ izenekoa. Skatik abiatuta, rock-etik pasau eta jazzerainoko bidea egiten daben musikari bikainak dira. Horregaitik, The Skatalites lako taldeen miresmena irabazi dabe eta dub musikearen maisu dan Dennis Bovell-ek onartu dau talde honegaz edonoiz eta edonon egingo leukela lan.

Egun bakotxerako sarreren prezioa 18 eurotik 22 euro bitartekoa da eta aurresalmenta lekuak Kafe Antzokia, Power records, Brixton denda, Massive, Streetwarrior dira, baita
brixtonrecords@gmail.com helbidearen bitartez be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu