Arestiren sei ipuinak moldatuta

Bizkaie! 2007-03-28 02:00   Kulturea

Euskerea baserri mundura mugatzen zan sasoian, 1957-62 urteen bitartean, Gabriel Arestik, Egan literatura aldizkarian, sei ipuin argitaratu zituan, urte desbardinetan idatzitakoak. Xabier Monasteriok sei ipuin horreek ‘Ipuinak’ izeneko liburutxu batean argitaratu ditu.

Euskerea baserri mundura mugatzen zan sasoian, 1957-62 urteen bitartean, Gabriel Arestik, Egan literatura aldizkarian, sei ipuin argitaratu zituan, urte desbardinetan idatzitakoak. Xabier Monasteriok sei ipuin horreek ‘Ipuinak’ izeneko liburutxu batean argitaratu ditu Ikeder argitaletxearen eta Bilboko Udalaren eskutik. ‘Lanak moldatuta jaso ditut, Arestiren euskera-mailea ez daukienei be idazle klasiko honen obrak irakurteko aukerea eskaintzeko’, dino autoreak. ‘Holan, Gabriel Arestiren izena Bilboko kale baten, euskaltegi baten edo institutu baten izena baino zeozer gehiago izango da’. Aurkezpen-prentsaurrekoa Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egin dabe.

Ipuinak izan arren, ‘ikutu mingotsa daukie’. Bilbon kokatuta dagoz baina ‘Arestik munduaren ikuspegia be eskaintzen dau’. Sasoiko gaiak jorratzen dabez, ‘trabak, lanak eragindako alienazinoa eta dirua, besteak beste’. ‘Umezurtz aberatsak Gabonetan jolastu nahi’ eta ‘Jaionkoa jaio da Otxarkoagan’ izenekoetan, berbarako, sasoiko euskal gizartean egozan maila sozio-ekonomiko desbardinak kontrajarri ebazan, hareen arteko alde lar handiari kritika gogorra eginez. Beste ipuin batean, ‘Andre Madalen maitemindua’ izenekoan, gogor egiten deutso maitasuna eta gezurra diruz erosteari. ‘Gure eguneroko beharra’ deritxan ipuinean, lanak gizakiari ekarten deutson alienazinoaz egiten dau berba. Bestalde, ‘Abertzalea’ deiturikoan, satira politiko bat egiten dau Arestik herriek eta herritarrek, oro har, politikan izaten daben edukazino txarraz. Azken ipuina, ‘Olerkaria’, autobiografikotzat jo daiteke; bertan, gizarteak olerkarien lanari eta esanei egiten deutsen jaramon apurraz ironizetan dau. Sei ipuinak ez dagoz modu kronologikoan ordenauta, ‘arlo literarioan oinarritutako ordenean baino’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu