'Ez dok amairu' Bilbon

Bizkaie! 2007-03-27 02:00   Kulturea

Martiaren 28tik apirilaren 27ra bitartean, Ez dok amairu erakusketa zabalik izango da Euskaltzaindiaren egoitzan. Erakusketeak Ez dok amairuren aurrekariak, sorrerea, garapena eta amaiera azaltzen ditu. Besteak beste, taldearen inguruko dokumentu idatzi, argazki, grabazino eta bideoek jarri ditue ikusgai.

Martiaren 28tik apirilaren 27ra bitartean, Ez dok amairu erakusketa zabalik izango da Euskaltzaindiaren egoitzan. Erakusketeak Ez dok amairuren aurrekariak, sorrerea, garapena eta amaiera azaltzen ditu. Besteak beste, taldearen inguruko dokumentu idatzi, argazki, grabazino eta bideoek jarri ditue ikusgai.


Ez dok amairu

Ukaezina da 60-70 hamarraldian gure herrian izan zan kultura mobimentuaren ezaugarririk serio eta sendoenetarikoa Ez dok amairu taldearen sorrerea izan zala, euskal kantagintzearen sailean. Belaunaldi helduek ez dabe ahaztuko 1966 urtearen hasieran talde mitikoak ekarri eban poza eta ilusioa, frankismoaren garai petralean zerbaiten behar gorrian egoen-eta Euskal Herria.

Gipuzkoako kantari ezagun asko batu zan taldean, alkarlanean zeozer gehiago egin guran, Catalunyan Els Segte Jutges-ek egin eban moduan. Ez dok amairu, batez be, euskal kantagintza barriaren bideetan alkar topau eben lagun batzuen egitasmoa zan, taldera batu gura eben danei ateak edegita. 1965eko urriaren 13an Zarautzen, eta handik hamabost egunera Azpeitian egin ziran lehenengo bilerak. Eta urte bereko zemendiaren lehenengo hamabostaldian euskal musikea eta kulturearen arlo desbardinetan lanean egon ziranei dei egin jaken, partaide izateko. Eta holaxe batu ziran Lourdes Iriondo, Joxean Artze eta Joxemari Iriondo, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Julen Lekuona, Joxe Angel eta Juan Migel Irigarai, Bihurriak (Arantxa Gurmendi), Jose Luis Frantzesena Schubert, Imanol Urbieta, Joxe Antonio Villar, Juantxo Mingo, Mikel Bikondoa, Yoloak, Oskarbi, Angel Mari Arenas eta abar. Bestalde, ezin ahaztu inola taldearen sorreran Nemesio Etxaniz, Jorge de Oteiza, Koldo Romero, Jose Luis Zumeta, Nestor Bazaterretxea, Fernando Larrukert eta beste hainbat euskaltzalek emondako laguntasuna eta animoak be.


Taldearen aurkezpena

1966ko zezeilaren 9an Hernanin, eta 23an Donostiako Victoria Eugenian emandako jaialdietan izandako arrakasten ostean, Ez dok amairu izenagaz emon zan lehenengo jaialdia, taldearen aurkezpen ofiziala, Iruneko Bellas Artes aretoan egin zan, 1966ko martiaren 6an. Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Joxe Antonio Villar, Bat eta Bi bikoa, Bihurriak, Artze anaiak eta Oleskariak zortzikoak kantau eben; eta jaialdiaren azkenean, Pelotari filma (Bazterretxea-Larrukert) emon zan Xabier Lete eta Joxemari Iriondok aurkeztutako jaialdian.

Itzelezko arrakastea izan eben, orduko egunkarietako kronika guztietan autortzen danez. Iruneko aretoa ganezka egoan, beste herrietakoak bete ziran legez; baina 9.050 pezeta batu ziran sarreratatik, eta 150 pezeta bakarrik geratu ziran, aretoaren alokairua, SGAE-Menores zergak eta beste zenbait gastu ordaindu ostean.

Hurrengo jaialdiak, berriz, Zumarragan, Seguran, Ordizian, Madrilen, Donibane Lohizunen, Errenterian, Orion, Ondarroan, Durangon, Bilbon, Eibarren, Ondarroan (bigarren aldiz), Bermion, Andoainen, Bergaran, Lekeition, Donostian, Barakaldon, Bilbon (bigarren aldiz), Bartzelonan eta abar eman ziren, hurrenez hurren. Durangokoa izan zen, hain zuzen ere, Bizkaian egin zen lehenengo jaialdia, 1966ko abenduan, II. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren barnean.


Baga, Biga, Higa
ikuskari/sentikaria

Bost urtean mila traba pasau eta Euskal Herriko pelotaleku, plaza eta aretoetan entzuleen gose-egarriari kantakaz erantzun ostean, formula eta bide barriak buztartzeari ekin eutson Ez dok amairu taldeak, 1970ean, ordura arte egindakoaz kantsauta-edo. Euskal kantutegi zaharreko abesti baten izen berezia izenburutzat hartu eta Baga, Biga, Higa sentikari/ikuskaria preparau eben, gure kantugintzearen bideetan aurrera eginez. Portugalete aukeratu eben ikuskari/sentikariaren lehen aurkezpena egiteko, Elai-Alai taldeagaz alkarlanean. Ausardia behar zan horretarako, baina sekulako arrakastea izan eben, gero Urnietan, Elorrion, Tolosan, Irunen, Azpeitian, Bergaran, Barakaldon, Zegaman, Ordizian, Beasainen, Hondarribian, Usurbilen, Zarautzen, Hernanin, Zumarragan, Pasaian, Donostian, Paben, Bartzelonan, Donostian, Gasteizen, Bretainan eta abar izan eben legez.


Taldearen azkena

Azkenik, arazoak sortu ziran eta taldea desegiteko erabagia hartu eben, 1972ko urtearen azkenean, zazpi urtean ondo egindako lanaren ostean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu