Euskal filmak New Yorken
2007-03-23 01:00 BarriakMartiaren 28tik 30era bitartean, New Yorkeko ‘Tribeca Cinemas’ Robert de Niro aktorearen zinema-areto ezagunetan euskal filmak ikusteko aukerea izango da Basque Film and Media Arts Festival ekimenaren eskutik.
Martiaren 28tik 30era bitartean, New Yorkeko ‘Tribeca Cinemas’ Robert de Niro aktorearen zinema-areto ezagunetan euskal filmak ikusteko aukerea izango da Basque Film and Media Arts Festival ekimenaren eskutik. Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udaleko Kultura sailaren diru-laguntzinoari esker, Euskal Herrian egiten diran film labur zein luze gehienak ikusteko aukerea izango da hiru egun horreetan. Jaialdiaren aurkezpena Bilboko Arriaga Antzokian egin dabe.
EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko zuzendari Itziar Menaren esanetan, ‘lehenengoz egingo dan jaialdi hau aurrerantzean be egiteko asmoagaz jaio da’. Bertoko zinemagintzea mundura zabaltzeko pausu barri bat da, ‘gure kulturea zabaltzeaz gan, negozioa topetako helburuagaz goaz hara, gure ikus-entzunezko industriari bultzadatxua emotera’. Zinemaldiaren ardatza hainbat arlotan landutako euskal produkzinoak erakustea da eta, tartean, Julio Medem, Arkaitz Basterra, Alberto Gorritiberea, Borja Cobeaga, Alex de la Iglesia, Juanma Bajo Ulloa eta beste hainbesteren lanak erakutsiko dira. Cobeaga bera jaialdiaren aurkezpenean izan da eta 'benetako ohore' legez definidu dau NYen euskal filmak erakutsi ahal izatea. Danetara 250.000 euroko aurrekontuagaz, askok munduko uriburutzat joten daben urian bertoko lanak ikusgai izango dira, biziz betetako Soho auzoan.
Film labur eta luzeen emonaldiez gan, aldi berean ekitza bi be egingo dira: batetik, ikus-entzunezko arloan lan egiten daben euskal enpresek bertako hainbat enpresagaz hartu-emonak izango dabez; bestetik, euskal sortzaileak eta New Yorken zinemagintzea ikasten dabizan ikasleak bat egingo dabe gaiaz berba egiteko. Topaketa horreek biak New York Film Academy eta New York School of Visual Arts diralakoetan izango dira. Helburu nagusia euskal lanak ezagutarazotea eta ikus-entzunezkoen arloan euskaldunen eta amerikarren artean zubia eregitea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!