Bidegileak bildumako 44. eta 45. sortak argitaratu ditue

Bizkaie! 2007-03-15 01:00   Kulturea

Kantagintza arloan, Julen Lekuonaren, Imanol Lartzabalen, Lourdes Iriondoren eta Maurizia Aldeiturriagaren bizitzea eta obrak jasoten dira. Ikerketa arloan, Pedro de Yrizar, Manex Goihenetxe, Jose Mari Larrarte eta Jose Basterretxea 'Oskillaso' dira protagonistak.

Bidegileak bildumako 44. eta 45. sortak osotu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak. Oraingo honetan euskal kantagintzan nabarmendutako gizon-emakumeek eta ikerlariak jaso ditue bilduman. Sorta bakotxeko lau pertsonaiak bat dagoz zenbait ezaugarriri jagokenez eta ondo uztartzen dira landu diran arloen barruan. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Euskara Sustatzeko zuzendari Miren Dobaranek, bildumearen koordinatzaile Mikel Atxagak eta plazaratu diran zortzi liburuki barrien egileek egin dabe sorta barri bien aurkezpena.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak bultzatzen dauen Bidegileak bildumaren bidez, euskalgintzan aurrelari izan diran personak eta taldeak ezagutzera emon gura dira. Bilduman azaltzen diran lagun batzuk oso ospetsuak dira; beste batzuk, barriz, ezezagunak dira jentearentzako, baina guztiek euskerearen alde lan itzela egindakoak.

Bilduma honen bidez, bidegile horreen pentsaerea, bizitzea eta lana modu ulergarrian kaleratu dira. Hori lortzeko, besteak beste, eta argitalpenaren kalidadea bermatzeko, material grafiko ugari erabilteaz gan, testuen idazketea adituen esku itxi da, Mikel Atxagaren zuzendaritzapean. Liburuxka barrien 2.100 ale inprimidu dira eta, papelean zabaltzeaz gan, Interneten be jarriko dira eskuragai. Lehenago argitaratutako sortak be bertan dagoz. Bestalde, salmenta lekuez gan, ikastetxe, euskaltegi eta herri-liburutegietan be topauko doguz.

Hona hemen gai nagusien, pertsonaien eta idazleen zerrendea:


44. Euskal kantagintzea:

-Julen Lekuona. Idazlea: Joxemari Iriondo
-Imanol Lartzabal. Idazlea: Felipe Juaristi
-Lourdes Iriondo. Idazlea: Joxemari Iriondo
-Maurizia Aldeiturriaga. Idazlea: Agurtzane Intxaurraga

45. Ikertzaileak

-Pedro de Yrizar. Idazlea: Ricardo Badiola Uriarte
-Manex Goihenetxe. Idazlea: Jean Louis Davant
-Jose Mari Larrarte. Idazlea: Gregorio Arrien
-Jose Basterretxea ‘Oskillaso’. Idazlea: Adolfo Arejita


* Berrogeita laugarren sortea euskal kantariakaz osotu da.

44/1) Joxemari Iriondo: JULEN LEKUONA (Oiartzun, 1938-2003)

Abade ohia, kantaria eta idazlea. Hamalau urtegaz erabagi eban apaizgaitegira joatea. Hamazortzi urtegaz hasi zan aldizkarietan idazten, beti euskeraz. Abadetu barritan, Aizpurutxora bialdu eben abade eta bertan eleizkizunak gitarraz eta kantuz alaitzen zituan. Batetik bestera kantari ibili zan, hasieran bakarrik, gero beste kantari edo orkestra batzukaz batera. Ez dok amairu taldeko partaidea izan zan. Abade izateari itxi eta aurrezki kutxa batean lan egin eban.

44/2) Felipe Juaristi: IMANOL LARTZABAL (Donostia, 1947- Orihuela, 2004)

Abeslaria. Delineante ikasketak egin zituan. Argia dantza-taldeko kidea izan zan 1965ean. Ez dok amairu taldeko kidea, 1966an sortu ebenetik. 1969an kaleratu eban lehen diskoa Michel Etxegaray ezizenagaz. 1973tik 1976ra Parisen bizi izan zan. Hogei bat disko kaleratu zituan, gehienak olerki musikatuakaz.

44/3) Joxemari Iriondo: LOURDES IRIONDO (Donostia, 1937-2005)

Abeslaria. Mojen ikastetxean ikasia. Misiolari izateko formakuntzea jasoten hasi zan baina gaixotasun larri batek galarazo eutson. Txikitatik abestu eban eta, hasieran, letrea eta musikea berak sortu zituan; gero, barriz, haren senar Xabier Letek. Ez dok amairu taldeko kidea izan zan.

44/4) Agurtzane Intxaurraga: MAURIZIA ALDEITURRIAGA (Zeberio, 1904-1988)

Pandero jotzailea. Bederatzi urte zituala neskame joan zan. Hamabi urtegaz hasi zan jaietan herriko plazan panderoa joten. Hamazazpi urtegaz ezagutu eban senarra izango zana Benantzio eta handik aurrera beti alkarregaz jo eben. Fede handikoa, langile fina eta perfekzino zalea zan.


* Berrogeita bosgarren sortea honako ikertzaile honeekaz osotu da:

45/1) Ricardo Badiola Uriarte: PEDRO de YRIZAR (Azkoitia, 1910-2004)

Injinerua, ekonomialaria, euskalaria. Bi urtegaz Madrilera eroan eben bizitera. Inudeagaz ikasi eban euskerea eta erdaldun barritzat eukan bere burua. Gaztetan hasi zan Azkoitiko berbetea aztertzen. Astronomia, xake-jokoa, pianoa eta euskerea ziran bere zaletasun nagusiak. Sei hizkuntzatan moldatzen zan, errusieraz eta alemanez besteak beste. Euskaltzain urgazlea eta ohorezkoa da.


45/2) Jean Louis Davant: MANEX GOIHENETXE (Ezterenzubi, 1942-2004)

Fraile ohia, irakaslea eta historialaria. Hainbat urtean irakasle legez lan egin eban eta historia klaseak frantsesez eta euskeraz emoten zituan. Abertzalea, mendizalea eta euskaltzalea zan. Euskal Herriko historiaz liburu eta artikulu ugari idatzi zituan. Liburu bakarra idatzi eban euskeraz: Lapurdi.

45/3) Gregorio Arrien: JOSE MARI LARRARTE (Bidania, 1926- Bilbo, 2004)

Frailea, filosofoa eta teologoa. Pasiotarren Gabiriako ikastetxean ikasi eta Eubakoan irakatsi eban. Horizontes aldizkarian argitaratu zituan bere lehen idazlan eta olerkiak. Nafarroako Irakasle Eskolan be euskerea iratsi eban. Eusko Legebiltzarreko itzultzailea izan zan erretiroa hartu arte. Euskaltzain urgazlea eta ohorezkoa da.

45/4) Adolfo Arejita: JOSE BASTERRETXEA ‘OSKILLASO’ (Madril, 1911- Iruñea, 1996)

Idazle, irakasle eta ikertzailea. Euskerea kalean ikasi eban, Gernikan. Ingeles eta euskera eskolak emon zituan. Zientzia Zehatzak eta Fisika ikasketak egin zituan. Hizkuntzak ikasi zituan, liburuak jatorrizko hizkuntzan irakurteko. Kurloiak da bere eleberri ezagunena. Euskerea ikasteko metodo bat be sortu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu