Bilboko olerkariaren Pariseko egonaldia aztertuko dau Blas de Otero egunaren VIII. edizinoak
2007-03-15 01:00 jardunaldiakBlas de Oteroren eguna Bilboko Udalak uriko hiru idazle unibersalenen (Miguel de Unamuno, Gabriel Aresti eta Blas de Otero) memorian ezarri dituan ekitaldien barruan kokatzen da eta hiru jardunaldiok euren jaiotze egunetan ospatzen dira.
Blas de Oterok Parisen bizi izandakoaren eta egonaldi harek bere lanean izandako eraginaren inguruan garatuko da aurten Blas de Oteroren eguna, bere jaiotzearen urteurrenean Bilboko olerkari famatua omentzen dauen ospakizuna. Jorge Semprun idazlearen parte-hartzea egoan iragarrita aurtengo edizinorako baina osasun arazoak tarteko ezin izango dau parte hartu Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailak eta Blas de Otero Fundazinoak antolatutako programan.
Blas de Oterok lehen aldiz Espainia itxi ebaneko 55. urteurrena beteten da aurten. Izan be, gerra osteko Espainiaganako maitasun eta gaitzespen sentimentuen nahasketeak bultzatuta erabagi eban Oterok Parisera alde egitea. Frantziar uriburuan ezagutu eban bilbotarrak Jorge Semprún idazlea, ‘Autobiografía de Federico Sánchez’izeneko lanean madrilgo idazleak jasoten dauen moduan. Bertako giro komunisteagaz bat egin eban Oterok garai haretan, eta ‘Pido la paz y la palabra’ lanaren oinarrian dagoan gizarte salaketarako poesia lantzen hasi zan.
Egitaraua
Blas de Oteroren eguna (martiak 15) 19:30etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegian. Jon Sanchez Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Zinegotziak eta Blas de Otero Fundazinoaren presidente Sabina de la Cruz-ek emongo deutse hasierea ekitaldiari eta jarraian Blas de Oteroren alargunak, Sabina de la Cruzek ‘París 1952: hacia la libertad’ berbaldia eskainiko dau; ondoren, Izaskun Azurmendik poesia irakurketeari ekingo deutso Tiziana Tagliani arpa jolearen laguntzinoagaz.
Blas de Oteroren egunaren lehengo edizinoa 2000. urtean egin zan eta orduan Blasen laneko intertestualidadea aztertu eban Mario Hernándezek, ‘Blas de Otero, épica y lirismo’ izeneko hitzaldian. Bigarren edizinoan, ‘Tres miradas sobre Blas de Otero’ berbaldia eskaini eben Mercedes Acillonak, Jose Fernandez de la Sotak eta Jesus Munarrizek. 2002an zabalera handiagoa emon jakon egunari eta programazinoa hurrengoek osotu eben: Blas de Otero Nazinoarteko Kongresuak, ‘Blas de Otero, geografía eta historia’ erakusketeak eta zenbait argitalpenek. Luis Garcia Monterok eta Sabina de la Cruzek Oteroren bizitza eta lanaren inguruko hausnarketea egin eben 2003an eta hurrengo urtean Luis Antonio de Villena eta Felipe Juaristi izan ziran hasierako berbaldian protagonista, ‘Si he perdido la vida... me queda la palabra’ errezitaldi poetikoagaz amaituz jardunaldia. Maitasunak Oteroren lanean izandako papelaren inguruan garatu zan eguna 2005ean, Antonio Martínez Sarriónek eta Juanjo Lanzek eskainitako ‘Amor y poesía’ berbaldiagaz; eta ‘Pido la Paz y la Palabra’ lanaren argitalpenaren 50. urteurrena ospatu zan zazpigarren edizinoan, Bernardo Atxaga idazlearen parte-hartzeagaz.
Blas de Oteroren eguna Bilboko Udalak uriko hiru idazle unibersalenen (Miguel de Unamuno, Gabriel Aresti eta Blas de Otero) memorian ezarri dituan ekitaldien barruan kokatzen da eta hiru jardunaldiok euren jaiotze egunetan ospatzen dira.
Blas de Otero Fundazinoa orain lau urte sortu zan, poeta bilbotarraren lana eta nortasuna batu, gorde, zabaldu eta ikertzeko. Ordutik, hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu, Bidebarrieta Kulturguneagaz (Bilboko Udala) alkarlanean; horreen artean nabarmendu daiteke Blas de Oteroren Eguna instituzionalizetea, poetaren jaiotze-egunean bertan (1916ko martiaren 15ean).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!