Zinebiklubeko film onenak ikusgai

Bizkaie! 2007-01-24 01:00   Barriak

Urtarrilaren 25etik martiaren 29ra, Abandoko udaltegian, Barrainkua kalean, neguko Zinebiklub film laburren programazinoa eskainiko da.

Urtarrilaren 25etik martiaren 29ra, Abandoko udaltegian, Barrainkua kalean, neguko Zinebiklub film laburren programazinoa eskainiko da, 2006ko martian abiatu zan zinema alternatiboari buruzko asteroko foroa. Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailaren ekimena da Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren (Zinebi) laguntzaz sortua eta horretarako, DVD eta VHS proiektagailuez eta Dolby sistemaz hornidutako 100 lagunentzako areto bat egokitu da udaltegiko instalazinoetan.

Programazino barriak hamar saio eskainiko ditu danetara eta eguenero 19:30etatik aurrera eta doban aurkeztuko dira. Urteko lehen hiruhilekoan, zinemazaleek aukerea izango dabe Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren (Zinebi) 48. edizinoko Nazinoarteko Lehiaketan eta euskal eta espainiar Informazinoa ataletan parte hartu daben filmak ikusteko. Mundu osoan egindako obrak dira eta errealizadore gazteek gaien inguruan eta estiloari buruzko ardurak eta euren kezka etiko eta estetikoak adierazoten ditue, osotasunean gaur egun ikus daiteken zinemarik konprometiduena eta abangoardistena ordezkatuz.

Hiruhilekoan zehar ikusi al izango diran film laburren artean, Euskal Zinemaren atalekoak dira Víctor Garcíaren El verano español, 48. edizinoan Euskal Zinemaren Sari Nagusia; Luiso Berdejoren For(r)est in the des(s)ert, Zine Klub Fas Saria; Enrique García eta Raquel Ajofrínen Perpetuum mobile; eta Javier Garcíaren Vegetables, azken bi honeek SGAE Sariak eta Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteko Sariak.

Espainiako eta nazinoarteko ataleko sarituen artean nabarmentzekoak dira gainera Joan Solerren Abandonatii, Espainiako Zinemaren Sari Nagusia; Martijn Smitsen Otzenrath dokumentala, Publikoaren Saria; eta Tsivia Barkaik zuzenduriko Vika israeldarra, Fikzinozko Zilarrezko Mikeldia.

Zinebiklub ekimen honen bidez lortu nahi diran helburuen artean, nagusia Bilbon dagoan zinema eskaintzea gehitzea da, ikusentzunezko produkzino mota baten inguruko programazino egonkorra gaineratuz, film laburrak zein azpiatal desbardinakaz: fikzinoa, animazinoa, dokumentalak, experimentalak, etab.

Bestalde, Zinebiklub-ek ikusentzunezkoen arloko jarduera egonkor eta jarraikorra gehituko deutso Bilboko Udaleko Kultura eta Euskera Sailaren urteko programazinoari. Aldi berean, Barrainkuako emonaldiek handitu egingo dabe Zinebiren oihartzuna uri barruan, jaialdiko ekitaldiak antolatzen diran egunetatik kanpo.

Argibide gehiago eta programazino osoa http://www.zinebi.com/

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu