Arkaitz Basterraren ‘Agian-maybe’ zine aretoetan ikusgai urtarrilaren 26tik aurrera
2007-01-17 01:00 Barriak‘Agian-maybe’ dokumentala 2006ko Donostiako Zinemaldiaren Zabaltegi-Bereziak sailaren barruan estreinau zan. Filmaren protagonistak Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde euskal artistak dira.
Arkaitz Basterra Zalbide zinemagile euskaldunaren ‘Agian’ film luzea Bizkaia, Gizpuzkoa, Araba eta Nafarroako zine areto komertzialetan urtarrilaren 26tik aurrera egongo da ikusgai. ‘Agian’ filma 2006ko Donostiako Zinemaldiaren Zabaltegi-Bereziak sailaren barruan estreinau zan. Filmaren protagonistak Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde euskal artistak dira. Filma Sonora Estudiosek produzidu dau eta Barton Films da banatzailea.
Sinopsi laburra
2003ko martian poeta euskaldun batek eta bere lau lagunek (hiru musikari eta marrazlari bat) New York bisitau eben, bertan poesia eta musika saio batzuk emoteko asmoz. Munduan dagozan zazpirehun mila euskal biztanleak ‘New Yorkeko auzo batean sartzen dira’, dino Kirmen Uribe poetak ‘Agian’ filman, ‘beraz, zer dauka auzo baten sartzen dan komunidade batek eskaintzeko munduari ala munduaren zentrua dan uriari?’ Deskubridutakoak harritu egin ebazan bostak, eta ‘Zaharregia, txikiegia agian’ proiektua galdera horren erantzun bezela sortu eben. ‘Agian’ poesia, musikea eta pinturea bost protagonisten atzean dagozan istiroakaz nahasten dituan ping-pong partidu bat da, azken emoitzea ikuslearen esku geratuko dalarik.
Zuzendariaren biografia
Arkaitz Basterra Zalbide, 31 urte, Amorebieta-Etxanon jaio eta hazi zan. Enpresa ikasketak amaitu eta Madril eta Bilbon banka sektorean urte batzutan lan egin ondoren, zine zuzendaritza ikasketak egin ebazan New York Film Academy eskolan 2003an. Hurrengo bi urtetan 2003an New Yorken hasitako ‘Agian’ luzemetrai dokumentala osotu eban. Orain gitxi, barriz, Vojtech Jasny zinemagile txekiarrari buruzko dokumetal luze baten filmazinoa hasi dau eta era berean bere hirugarren luzemetraia izango dan fikzinozko pelikula baten gidoian lanean dabil.
Zuzendariaren filmografia
- ‘Agian’. 2006. Film luzea. Dokumentala. Zuzendaritzea, Argazki zuzendaritzea, Gidoia.
- ‘Dance with her?’ 2003. Film laburra. Fikzinoa. Zuzendaritzea, Gidoia.
- ‘Verticals’. 2003. Film laburra. Dokumentala. Zuzendaritza, Argazki zuzendaritzea, Gidoia.
- ‘Remembrance’. 2003. Film laburra. Fikzinoa. Zuzendaritzea, Gidoia.
- ‘The potato thing’. 2003. Film laburra. Fikzinoa. Zuzendaritzea, Gidoia.
- ‘The black light blues’. 2002. Film laburra. Fikzinoa. Zuzendaritzea, Argazki zuzendaritzea, Gidoia.
- ‘Obsidia’. 2001. Film laburra. Fikzinoa. Zuzendaritzea, Argazki zuzendaritza, Gidoia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!