‘Zeruari’ lana irabazle Euskal Herriko II. Ikus-entzunezkoen Rallyan
2006-12-18 01:00 BarriakParte-hartzaile gazteak, 90 inguru, oso gustura ibili ziran Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoak antolatutako lehiaketan.
Aiarako Koadrillako bost herrietan, giroa aparta izan zan eta parte-hartzaile gazteak, 90 inguru, oso gustura ibili ziran Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoak antolatutako lehiaketan. Parte hartu behar eben 20 taldeetatik, azkenean 18 baino ez ziran aurkeztu Rallyra, eta goizean goiz jaso eben egin beharrekoen barri. Lanetan islatu beharreko ezaugarriakaz batera, gaia be emon jaken goizeko 9etan: ‘Bai, baina ez’.
Goiz partea grabazino lanetan emon ondoren, Laudioko Lanbide Heziketa Udal Ikastetxean egozan edizino gelak 14:00etan zabaldu ziran. Parte-hartzaileak, baina, beranduago hasi ziran heltzen. Entrega ordua 19:00etan jarrita egoan, eta halan da be, azken taldea 18:00ak inguruan heldu zan gelara!
Teknologiak gaiztakeriaren bat edo beste be egin eban: talde batek etsi eta parte hartzeari uko egin behar izan eutson, kamereak ibilteari itxi eutsonean. Eskoriatzako
Hegoaixe taldearen kamereak be kale egin eban, eta taldea edizino gelara heldukeran konturatu zan goizean grabautako guztia eza zala gorde; halan da be, ez eben etsi, eta epaimahaiaren aitamen berezia merezi izan eban lan alternatibo bat aurkeztu eben, jazotakoaren barri emoten.
Antolatzaileek be sufridu eben Murphyren legearen eragina, eta aurkeztutako lanak batzerakoan gorriak ikusi ebezan teknikari lanetan ebiltzan ikastetxeko ikasleek. Bide batez, esan behar da primerako lana egin ebela gazteek, antolatzaileek zein parte-hartzaileek bihotzez eskertu ebena.
Epaimahaia Patxi Urkijo, Begoña Vicario eta Txetxu Urkijo zuzendariek osotu eben, Aiarako Kuadrillako erakunde eta alkarteen ordezkariakaz batera. Lanak izan ebezan erabagia hartzeko, aurkeztutako lanak kalidade handikoak izan ziran eta.
Ondokoak izan ziran lan saridunak:
1. saria: 1.500 euro
‘Zeruari’, Gaizko Fanarraga eta Ibon Antuñanorena.
2. saria: 1.200 euro
‘Titulutik gabea III’, Daltoniko Anonimoak taldearena.
2. saria: 900 euro
‘Ruper Redford’, Insano Komandoa taldearena.
- Epaimahaiaren aitamen berezia, esan bezela, Eskoriatzako ‘Hegoaixe’ taldeak jaso eban.
Lan horreek guztiak, eta saririk barik geratu ziran ganerako guztiak be, sarean egongo dira ikusgai datozen egunotan, Topaguneak Rallyrako edegi dauen www.topagunea.org/rallya helbidean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!