Kimuak 2006ko film labur bik lortu ditue Alcala de Henareseko sari nagusiak
2006-11-22 01:00 BarriakLuiso Berdejo donostiarraren ‘For(r)est in the des(s)ert’ film laburrak lehenengo saria lortu dau Alcala de Henareseko Zinemaldian, eta bigarren saria David Gonzalez bilbotarraren ‘El relevo’ filmarentzat izan da.
Luiso Berdejo donostiarraren ‘For(r)est in the des(s)ert’ film laburrak lehenengo saria lortu dau Alcala de Henareseko Zinemaldian, eta bigarren saria David Gonzalez bilbotarraren ‘El relevo’ filmarentzat izan da. Pelikula biok Kimuak 2006 programearen barruan dagoz. Film laburrak zabaltzeko helburuagaz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren programea da Kimuak eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen dau.
Danetara, aurtengo katalogoko bost filmek sei sari jaso ditue; horreen artean garrantzitsuenak, Berdejoren film labur onenaren saria eta Gonzalezen bigarren saria. Alcala de Henareseko Zinemaldia alor horretako herrialdeko ospetsuena da, bai eta Espainiako ganerako zinemaldietarako erreferentzietako bat be. Ganera, Estaduko ekitaldi nagusietako ordezkariak izaten dira bertan beti.
Aurten, Alcalako Zinemaldiak Kimuakeko sei film labur aukeratu zituan lehiaketa ofizialean parte hartzeko. Lau 2006ko katalogokoak ziran, eta, beste bi, 2005ekoak (aurreko urtean ezin izan eben parte hartu Xixoneko Zinemaldiak lehenago aukeratu zitualako). Sei film horreetatik, bost saritu ditue.
Esandako moduan, Luiso Berdejo donostiarraren ‘For(r)est in the des(s)ert’ filmari Ciudad de Alcala lehen saria emon deutsie (orain gitxi Sitgeseko Zinemaldiko lehen saria be irabazi eban); bigarren saria Bilboko David Gonzalezen ‘El relevo’ lanarentzat izan da.
Kimuak egitasmoko beste hiru filmek hurrengo sariak lortu ditue: gidoi onenarena, Alberto Gonzalezentzat berak zuzendutako eta Arsenico PCk produzidutako ‘Cirugia’ filmaren gidoiagaitik; argazkilaritza onenarena, David Tudelarentzat, Luiso Berdejoren eta Jorge C. Doradoren eta Koldo Zuazuak produzidutako ‘La guerra’ film laburragaitik; eta zuzendaritza artistiko onenaren eta efektu berezi onenen saria Hector Falconentzat, Gabe Ibañezek zuzendutako eta Aprieta Fuertek produzidutako ‘Maquina’ lanagaitik.
Hasiera arrakastatsu horren ondoren, Kimuak 2006 katalogoko film laburrek Euskal Herriko, Estadu espainiarreko zein nazinoarteko zinemaldi ospetsuetan parte hartzen jarraituko dabe, izan be, Kimuakeko lau film labur (‘For(r)est in the des(s)ert’, ‘Cirugia’, ‘Maquina’ eta Koldo Almandoz donostiarrak zuzendutako ‘Midori’) emongo ditue Bilboko Zinebin edota Xixoneko Zinemaldian. Azken horretan, Luiso Berdejoren filmak be parte hartuko dau, nahiz eta lehiaketatik kanpo izango dan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!