Emigranteei eta Sahara azpiko Afrikari buruzko bi zinema-ziklo antolatu ditu Guggenheim Bilbao Museoak
2006-09-20 02:00 BarriakGuggenheim Bilbao Museoak Zinema Hamabostaldia antolatu dau eta bi ziklo eskainiko ditu, ‘Emigranteak’ eta ‘Sahara Azpiko Afrika’ izenburupean, irailaren 25etik urriaren 8ra bitartean, Museoko Entzungelan.
Guggenheim Bilbao Museoak Zinema Hamabostaldia antolatu dau eta bi ziklo eskainiko ditu, ‘Emigranteak’ eta ‘Sahara Azpiko Afrika’ izenburupean, irailaren 25etik urriaren 8ra bitartean, Museoko Entzungelan.
‘Emigranteak’ izenburuko zinema-zikloaren lehenengo astean sei pelikula eskainiko dira. Donostiako Zinemaldiaren oraingo edizinoan izen beragaz garatuko dan atzera begirakoan batutako pelikulak dira.
Genero eta estilo anitzak, egile ezagunak eta hain ezagunak ez diran beste batzuk, drama sozialak, film klasikoak eta beste hainbat sortu barriak dira zikloan ikusi ahal izango diranak. Pelikulak arratsaldeko 19:45etik aurrera emongo dira, 35 milimetroko formatuan eta jatorrizko bertsinoan, gaztelaniazko azpitituluakaz.
Beste alde batetik, urriaren 12an inaugurauko dan ‘% 100 Afrika’ erakusketearen harian antolatutako jarduera osogarrien barruan, bigarren zinema-zikloa aurkeztuko dau Guggenheim Bilbao Museoak. ‘Sahara azpiko Afrika’ izango da eskainiko dauen zikloa urriaren 3tik 8ra.
1960ko hamarkadatik aurrera egin diran 15 film labur eta sei dokumental eskainiko dira, Afrikako herrialde horreetako errealidadea erakusteko. Zikloan kontinente horretako tradizinoak, gatazka belikoak, etnikoak edo osasun-arlokoak ezagutarazoko dira.
Film laburren eta dokumentalen emonaldiak Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan izango dira, 19:45etik aurrera, martitzenetik barikura, eta 18:00etatik aurrera, zapatuan eta domekan. Zintak formatu digitalean eta 35 milimetrotan emongo dira, jatorrizko bertsinoan eta gaztelaniazko azpitituluakaz.
Sarreren prezioa 3 eurokoa da publikoarentzat eta 1,5 eurokoa Museoaren Lagunentzat.
Gaiaren harian, Guggenheim Bilbao Museoak ekimen barri bat abiarazo dau museoaren hezkuntza-jarduerak inmigranteakana hurreratu guran, kontuan izanik gero eta gehiago dirala euskal gizartean. Esangura horretan, irailaren 25ean, ‘Emigranteak’ zikloaren lehenengo pelikulea emongo dan egunean, museoaren zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidartek zuzenean egingo deutse harrerea Bizkaian bizi diran etorkin batzuei. Harresiak Apurtuz etorkinei laguntzeko Euskadiko GKEen Koordinakundearen laguntzinoagaz dei egin jake museoan bisita gidatua egiteko konbidapena luzatuz.
Ondoren, nahi daben guztiek, ‘Les Oiseaux du Ciel’ filma ikusi ahal izango dabe. Gainera, pase bat emongo jake Zinema Hamabostaldiko ganerako pelikulak eta dokumentalak doban ikusteko.
Ekimen honegaz, Guggenheim Bilbao Museoak egiten dituan hezkuntza-jarduerak etorkinen euskal kolektiboari be eskaini gura deutsoz, holan kulturea eta artea, eta Euskadiko errealidade sozio-ekonomikoa eurengana hurreratzen saiatuz.
Urteak daroaz Guggenheim Bilbao Museoak Zinema Zikloak antolatzen, zirkuitu komertzialenetatik kanpo dagozan pelikulak eskaintzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!