Liburu batek Deustuko Unibersidadeak Donostian egindako 50 urteak dakarz gogora

Bizkaie! 2006-09-01 02:00

Deustuko Unibersidadeko Giza Zientzien fakultadeko katedratikoa dan Juan Manuel Diaz de Guereñu jaunak idatzia. Ia-ia 300 orritan zehar, Gipuzkoan hezkuntzearen eremuan funtsezkoa izan dan ikastetxe baten sorburua eta garapena azaltzen ditu, zehatz-mehatz, egileak.

'Campus de Mundaiz. 50 años de Universidad en San Sebastián' liburua argitaratu barri dau Kutxak Deustuko Unibersidadeak uriburu donostiarrean egin dauen mende erdia gogorararazoteko.

Abuztuaren amaieran Donostian egiten diran kultur ospakizunetarako ohitureari eustearren, Kutxa Fundazinoak Deustuko Unibersidadeari egiten deutson ekarpen berezia da liburua, ikasgune honek Gipuzkoako uriburuan urrezko ezteiak egingo dituan honetan.

'Guztiz lan interesgarria da, oso-oso ondo dokumentatua', dinoe Kutxatik, Deustuko Unibersidadeko Giza Zientzien fakultadeko katedratikoa dan Juan Manuel Diaz de Guereñu jaunak idatzia. Ia-ia 300 orritan zehar, Gipuzkoan hezkuntzearen eremuan funtsezkoa izan dan ikastetxe baten sorburua eta garapena azaltzen ditu, zehatz-mehatz, egileak. Ilustrazino ugariz horniduta, Historia Donostiarreko Dr. Camino Institutuak argitaratzen dauen monografia bildumearen parte da liburu hau.

Lanak protagonista nabarmen bat dauka, Ignazio Errandonea jesuitea, berau izan baitzan zailtasun ugari gainditu ostean, Gipuzkoan eta probintziatik kanpo be hezkuntzearen erreferentzia bat izan dan eta izaten jarraitzen dauen proiektuaren bultzatzailea. Eta proiektuak aurrera segiduten dau gainera, ze enpresa munduan profesionalak sortzeko oinarri sendotzat hartua baita gaur egun be. Egileak Aita Errandoneagazko daukan atxikimentua be agiri-agirikoa da, liburuan zehar eskaintzen deutson aitamen pilo handia lekuko.

Liburuak (Deustuko Unibersidadeko erretore Jaime Oraak egin deutso hitzaurrea), zehetasun handiz kontetan dau Escuela Superior de Técnicos de Empresa (ESTE) haren sorrerako prozesu luzea, Gipuzkoako lehen unibersidadearen ernamuina izan zana, 1956ko urrian; gero etorriko zan Estudios Universitarios y Técnicos de Gipuzkoa (EUTG) haretarako bilakaerea, eta gaur egun Mundaizko Campus bihurturik ikustea.

Diaz de Guereñuren dokumentuak 50 urteko historia luzean hezkuntza proiektu parebako honen eta Kutxaren artean izan dan lotura estua eskaintzen deusku. Kutxak laguntzino ekonomiko handia emon eban ESTEren hasieran eta bere Gizarte-Ekintzatzat hartu eban EUTG; 1994ko bagilean, barriz, Jesusen Lagundiari emon eutsozan campusa eregita dagoen lursailak. Gaur egun, bost hamarkadatan barrena laguntza bide etenbakoari jarraituz, Kutxak hainbat lankidetza-hitzarmen izenpetzen ditu, urtero, Deustuko Unibersidadeagaz, Gipuzkoako egoitzara begira, beketan, trebakuntza arautuan zein ez arautuan, ikerkuntzan eta campuseko fakultate eta eskolen beste jarduera batzuetan laguntzeko. Gaiaren harian, 1997tik, Unibersidadeko lorategietan dagoan monolito bat dogu lankidetza horren testigantza adierazgarrienetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu