'Nömadak Tx', Oreka Tx taldean oinarritutako filma, Zinemaldiko Zabaltegi Bereziak atalean estreinauko da

Bizkaie! 2006-08-28 02:00   Barriak

Lan honek bi musikariek Indiara, Mongoliara, Saharara eta Laponiara egindako bidaiak erakusten ditu. Txalapartea joteko lehengai eta soinu barrien bila egindako bidaiak izan dira, beste kultura eta jatorrizko personen bila egindako bidaiak, txalaparta horreen guztien topagune bihurtu daiten.

Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa protagonista dituan 'Nömadak Tx' filma Donostiako Zinemaldiko 54. edizinoko Zabaltegi Bereziak atalean estreinauko da.

Lan honek bi musikariek Indiara, Mongoliara, Saharara eta Laponiara egindako bidaiak erakusten ditu. Txalapartea joteko lehengai eta soinu barrien bila egindako bidaiak izan dira, beste kultura eta jatorrizko personen bila egindako bidaiak, txalaparta horreen guztien topagune bihurtu daiten.

'Nömadak Tx' filmak lau urtetako lanaren fruitua batzen dau. Denpora horretan zehar, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariek India, Mongolia, Laponia eta Sahara bisitau dabe esperientziak eta materialak batuz izen bereko proiektua elikatzeko.

Nömada TX egitasmoa txalaparta eta kultur alkartrukearen inguruan mobiduten. Protagonistek txalapartaren aukerak arakatzeko helburuagaz batetik bestera bidaiatu dabe, lehengai barriak probatzen eta giza-talde eta kultura desbardinak tresna honen inguruan hartu-emonetan jarten.

Urteotan adivasiakaz (Indiako kastabakotuak), Laponiako lur izoztuetako samiakaz, Mongoliako estepako biztanleakaz eta Saharako herritarrakaz ibili dira. Bidaia honeen guztien helburua musikak eta bizipenak batzea izan da, gerora gure artean zabalduak izateko zinema, musika eta literaturearen bitartez.

Oreka Tx sortu eta ibilbide profesionalari ekin eutsenetik Oreka Tx-eko bi taldekideak txalapartak dituan aukeren ikerketeari, esperimentazinoari eta zabaltzeari eskaini deutse jarduerderen alde handia. Izan be, Nömadak Tx-eko protagonistek ez dabe txalapartea musika-tresna soiltzat hartzen, baizik eta jarrera bezela, besteakana hurreratu eta topetako modua bezela.

Mundu gero eta globalizatuago batean, Nömadak Tx korrontearen kontrako egitasmoa da, beren hotsa galdu nahi ez daben personentzako espazioa. Film honek erakusten dau aniztasunak gauza ederrak sortzen dituala. Baina, batez be, agirian ixten dau gutako bakotxaren desioen indarra eta balioa, nahiz eta urrunekoak eta desbardinak izan. Gauza ederrak, baliogarriak, onak egiteagaitik burrukan ibiltzea da Nömadak Tx-eko protagonisten bizitza zentzuz beteten dauena.

Donostiako Zinemalditik igaro ondoren, Ral de la Fuente iruinsemeak zuzendutako filma (Pablo Irabururen, Harkaitz Martinez eta Igor Otxoaren zuzendarikidetzeagaz) Donostia, Baiona, Donibane Lohitzune, Iruñea eta Gasteizko areto komertzialetan estreinauko da urriaren 11n.

Estreinaldi nagusia Donostiako Zinemaldian izango dan arren, lan honek Europako beste jaialdi batzuetan atentzinoa biztu dau, Amsterdamgo International Documentary Festival kasu, eta, daborduko, euren programazinoetan sartzeko asmoa erakutsi dabe.

Egitasmoaren beste arpegi batek abenduko Durangoko Azokan ikusiko dau argia. Kasu horretan, CD baten bitartez, material eta helburu bategaz loturiko kanta bana jasoko dabe eta. Bestalde, liburu batek bidaien ikuspuntu sakon eta personalagoak islatuko ditu. Datorren urtean, barriz, filmaren making off-a argitaratuko dauen DVDa kaleratuko dabe. Eta, amaitzeko, 2007ko udabarritik aurrera multimedia ikuskizunak eskainiko dabez karpa puzgarri baten barruan.

Egitasmo, talde edota filmaren barri gehiago nahi izan ezkero, www.nomadaktx.com helbidera jo daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu