Toots & the Maytals Bilbon

Gotzon Uribe 2006-07-18 02:00   Musikea

Toots & The Maytals-ek kontzertu bakarra eskaniko dau Eskal Herrian, garagarrilaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian, gaueko 21:30etatik aurrera.

Uda garaian aretoetan kontzertuak ikustea ez da izaten ohiko kontua. Jaialdi handiez jositako garaiotan, jamaikako musikea maite dauenak aukera berezia izango dau Bilbon bertako izar handiena ikusteko. Toots & The Maytals-ek kontzertu bakarra eskaniko dau Eskal Herrian, garagarrilaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian, gaueko 21:30etatik aurrera.

Jamaikako Kingston uriaren mendebaldean dagoan Clarendon-en jaio zan Frederic Toots Hibbert musikaria. Gaztetan irratia entzuten eban denpora guztian, James Brown, Otis Redding edota Little Richard moduko musikarien doinuak izan ebazan eredu. Gerora Jimmy Cliff, Laurel Aitken edota Owen Gray moduko musikari jamaikarrakazko mirespena sortu jakon. 50. hamarkadearen amaieran urira hurreratu zan uleapaindegi batean lan egiteko; edozelan be, ulea mozteaz gain abestu egiten eban bertan. Bera entzutera hurreratzen zan publikoaren artean egozan Nathaniel Mathias eta Henry Gordon; eurak izan ziran kantariaren ahots ederra deskubridu ebenak.

Bere lehen diskoa ‘Hallelujah’ izenekoa izan zan eta zeozelan The Skatalites taldearen bidea jarraitzen eban. Aurrerago Lee Perry be hurreratu jakon produktore lanak egiteko. Aitagarria, sasoi haretan erlijinoa guztiz presente egoala Toots & the Maytalsen abestietan.

1968. urtean, sekulako arrakastea lortu eban ‘54-46 was my number’ izeneko kantuak eta gurean Fermin Muguruzak egin eban kantu horren bertsinoa. Aurrerago etorri zan Jimmy Cliff eta ‘The harder they come’ pelikulea eta soinu bandan taldeak ‘Presure Drop’ eta ‘Sweet & Dandy’ abestiak sartu ebazan; azken horrek Jamaikako ezkontzen historioak kontetan ditu.

Momentu horretatik aurrera Toots & The Maytals izar bihurtu zan mundu osoan. Bera izan zan erlijinoa zein eleizako jarrera edo izakerea musika estudioetara hurreratu ebana eta, duda barik, gaur egun ska eta reggae munduan izen eta leku berezia eskuratu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu