Badator Zinebiklubaren bigarren denporaldia

Bizkaie! 2010-04-13 14:56   Barriak

Astero Zinebi jaialdian programautako dokumentalen eta fikzinozko zinearen emonaldi bat eskaintzen dauen Zinebiklub zikloak eguenean, apirilaren 15ean, berrekingo deutso programazinoari. Apirilean, maiatzean eta bagilean, gaztelania ez dan beste hizkuntza batzuetan egindako zinea izango da saio askoren protagonista.

Astero Zinebi jaialdian programautako dokumentalen eta fikzinozko zinearen emonaldi bat eskaintzen dauen Zinebiklub zikloak eguenean, apirilaren 15ean, berrekingo deutso programazinoari. Apirilean, maiatzean eta bagilean, gaztelania ez dan beste hizkuntza batzuetan egindako zinea izango da saio askoren protagonista, baina aukerea izango da, baita Hego Amerikako eta Euskal Herriko zenbait proiektuz gozetako be, horreen artean, Kinoskopik enpresa arabarrak produzidutako 'Días de El Abanico' dokumentala.

Eguen guztietan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Abandoko Barrutiko Udaltegiak (Barrainkua kalea, 5), 70-80 minutuko saioetan batutako 50 film labur (fikzinozkoak, marrazki bizidunak eta dokumentalak) eskainiko ditu. Programazinoaren barruan, Europako eta Ameriketako produkzino katalogo zabala izango da, gure zine aretoetan nekez ikus daitekezan Senegaletik, Tunisiatik, Zimbabwetik, Bangladeshetik edo Turkiatik etorritako lanez gan.

Aukeratutako lanen artean azpimarragarria da eguen honetako saioari hasierea emongo deutson ZINEBI 2009 Sari Nagusia irabazi eban 'Wagah' film labur dokumentala. Hor kontetan deuskue gauero milaka pertsona alkartzen dirala India eta Pakistan arteko muga igarobide bakarraren zarratzea ikusteko.

Beste lan azpimarragarri batzuk Dokumentalen saileko Zilarrezko Mikeldi saria lortu eban 'The litle was shot' (AEB), eta Fikzinozko Film Labur onenaren Urrezko Mikeldi saria jaso eban 'Tulum' (Kroazia) lanak dira. Bi lan horreek apirilaren 22an eskainiko dira.

Gaztelaniazko film laburren artean azpimarragarria da Amerika Latinoko filmerik onenaren Zilarrezko Karabela saria jaso eban, Carlos Hernández zuzendari kolonbiarraren 'Marina la esposa del pescador' filma. Marina, Kolonbiako Ozeano Bareko kostaldean dagoan herri txiki bateko arrantzale baten emaztea da. Hondartza handi eta bakarti horren ondoan dagoan etxe xumean bizi da, eta goiz batean triste esnatu da, aurreko gauean izandako amesa dala eta, itsaso zabalera bakarrik urteteko asmo sendoz. Film labur hori be eguen honetan ikusi ahal izango da.


Euskal zinea

Zinebiklubek oso estilo desbardinetako euskal proposamenak jasoten dituen hiru saio programau ditu bagilerako. Bagilaren 3an, beste lan batzuekaz batera, Fede Merino argazkilari eta zinegile euskaldunaren 'DND. 841524' lana ikusi ahal izango da. Bagilaren 10ean, Nico Vázquez (MCD rock taldeko kide ohia) eta Eva Mateos egile bikoteak egin dauen 'Glokal-Glocal' lana emongo dabe, ia ordubeteko iraupena dauen zine esperimentaleko zenbait pieza laburrez egindako produkzino harrigarria.

Azken eguna (bagilaren 17a), Kinoskopik produkzino etxe arabarraren 'Días de El Abanico' dokumentalari eskainiko jako.


Zinebiklub

Ekimenak hainbat helburu ditu, eta horreetako lehenengoa Bilbok dauen zine eskaintza osotzea da, gure pantailatan oso ohikoa ez dan ikus-entzunezko produkzino motaren programazino egonkorraren bitartez. Film laburrak eskainiko dira, bere genero guztietan: fikzinoa, marrazki bizidunak, dokumentalak, esperimentalak, etab. Lan horreek egile barrientzat, eskola eta, aldi berean, ezagun egiteko eta saltoa emoteko gune dira.

Beste alde batetik, etenbako jarduerea eskaintzen deutso Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ikus-entzunezkoen alorrean preparetan dauen programazinoari eta, horrezaz gan, Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zine Jaialdiari, ZINEBIri, proiekzino handiagoa emoten deutso urian, Jaialdia bera ospatzen dan egunetatik kanpo.

Bi hilebete horreetan, Zinebiklub, Barrainkuako Udaltegian gauzatuko da, eguenero, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, sarrerea doakoa izanik (bete arte), Dolby soinua izango dauen aretoan. Ordutegiei eta programazinoari buruzko informazino guztia Bilboko Udaleko www.bilbao.net webgunean edo 010 telefono zenbakian jaso daiteke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu