Gaur lako egun batez jaio zan Marylin Monroe

Bizkaie! 2006-06-01 02:00   Barriak

Marylin Monroe 1926ko bagilaren 1ean jaio zan Norma Jeane Morteson izenagaz.

Marylin Monroe 1926ko bagilaren 1ean jaio zan Norma Jeane Morteson izenagaz. Ostean, Norma Jeane Baker izenagaz bautizau eben. Amak, Gladys Monroe, buruko arazoak zituan eta inoiz ez zan ezagutu aita nor zan.

Gladys amak ‘onena’ gura eban bere alabearentzat eta adopzinoan emon eban. Hainbat familiatatik pasau ostean, umezurtz etxe batean amaitu eban Marilynek. Bertan egon zan 1935era arte. 1942ko bagilaren 19an, 16 urtegaz, Jimmy Dougherty 21 urteko gazteagaz ezkondu zan, handik lau urtera dibortzietako.

1944an, argazkilari batek hainbat argazki egin eutsozan eta, ia gura barik, modelo karrerea hasi eban Monroek. Gitxika-gitxika, ezagun egiten hasi zan eta 1946ko garagarrilaren 23an 20th Century-Fox enpreseagaz sinatu eban kontratua. Orduan hartu eban Marilyn Monroe izena.

Zineman, lehenengoz, 1947an hasi zan, ‘The Shocking Miss Pilgrim’ filman. 1950ean, zuzendari ezagunakaz grabetan hasi zan eta ‘Asphalt Jungle’ eta ‘All About Eve’ filmek arrakastea emon eutsen.

1954ko urtarrilaren 14an, bigarrenez ezkondu zan. Handik bederatzi hilabetera, 1954ko urriaren 27an, Monroe eta DiMaggio dibortziau egin ziran. Hurrengo urteetan, amerikarraren irudia oso ezaguna egin zan zineman eta Marilyn Monroe Productions enpreseagaz ‘Bus Stop’ (1956) eta ‘The Prince and the Showgirl’ (1957) filmak produzidu zituan. 1956an, Arthur Miller idazleagaz ezkondu zan baina handik bost urtera dibortziau egin ziran.

1962an, World's Most Popular Star saria emon eutsen eta Golden Globe dalakoa be berak irabazi eban. Haizeak altxautako jantzi zuria eta Ameriketako Estadu Batuetako orduko presidenteari abestutako ‘zorionak’ dira, akaso, ia danon buruetan doguzan irudiak. Halanda be, Marylinek ez eban jakin bizimodu horri eusten eta, depresinoak jota, urte horretan bertan hil zan Californian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu