Kimuak 2006 egitasmoan parte hartzeko deialdia zabalik
2006-05-23 02:00 BarriakEuskal film laburren zabalpen, sustapen eta banaketarako Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1998an sortutako Kimuak programearen 2006ko deialdia zabalik dago daborduko. Programearen helburua Euskadin produzidutako film laburrak bultzatzea eta zabaltzea da.
Euskal film laburren zabalpen, sustapen eta banaketarako Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 1998an sortutako Kimuak programearen 2006ko deialdia zabalik dago daborduko. Programearen helburua Euskadin produzidutako film laburrak bultzatzea eta zabaltzea da. Igazko edizinotik, programea Euskadiko Filmategia Fundazinoak kudeatzen dau, eta Euskadiko ikus-entzunezkoak zabaltzeko helburua dauka.
Kimuak programearen deialdi barri honetara ikus-entzunezko edozein lan aurkez daiteke. Lanek zinema edo bideo formatuan egindakoak izan beharko dabe, 30 minutu baino gitxiago iraun eta 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera produzidutakok izan. Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira bizilekua EAEn daben zuzendariak edota produktoreak. Lana aurkezten dauena produktorea bada, haren gitxieneko parte-hartzea % 50ekoa izango da; bestela, parte-hartzerik handiena dauena izan beharko da, eta gitxienez % 35eko parte-hartzea izango dau.
Lanak aurkezteko epea garagarrilaren 26an amaituko da, eta, film laburra inskribidu ahal izateko, aitatutako dataren aurretik lanaren DVD bat aurkeztu beharko dabe. Era berean, egileak bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan dauela egiaztetan dauen dokumentazinoa, bai eta Foru Ogasunaren ordainketak eguneratuta dituala frogatzen dauen dokumentazinoa be aurkeztu beharko ditu.
Kimuak film laburrak zabaltzeko eta banatzeko programea aitzindaria izan da, eta horren harira programa barriak sortu dira beste erkidego batzuetan: Galizia, Katalunia, Andaluzia, Madril, Gaztela-Mantxa, Extremadura edo Kanariar Uharteetan.
Kimuak katalogoa urtero 500 jaialdi baino gehiagotara eta 100 telebista-kate eta nazinoarteko banatzaile baino gehiagotara bialtzen dabe.
Orain arte, Kimuak programako bi film laburrek Goya sarietarako izentapena lortu dabe (Borja Cobeagaren 'La primera vez', 2001; eta Isabel Hergueraren 'La gallina ciega', 2005). Halan da be, momenturik garrantzitsuena 2004an heldu zan. Urte horretan, Nacho Vigalondok zuzendutako eta Ibarretxe & Co. etxeak produzidutako '7:35 de la mañana' film laburrak Oscarretarako izentapena lortu eban.
Kimuak 2005 katalogoak joan dan urrian hasi eban ibilbidea, Donostiako Nazinoarteko Zinemaldian aurkeztu ondoren. Urte erdiko ibilbide honetan, Kimuak bost kontinenteetako 57 herrialdetako jaialdietara bialdu dabe, eta programako film laburrak honako herrialdeetan emon ditue: Albania, Alemania, Australia, Austria, Bangladesh, Belgika, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Espainia, Estadu Batuak, Frantzia, Grezia, Holanda, Hungaria, Irlanda, Italia, Japonia, Maroko, Mexiko, Nigeria, Norvegia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Senegal, Serbia eta Montenegro, Tunez, Turkia eta Ukraina.
Gaur egun, programa honetako film laburrak 158 jaialditan ikus daitekez, eta, danetara, 133 sari lortu ditue. Aitatzekoa da Kimuak programako film laburrek zein jaialditan hartu daben parte, besteak beste, Clermont-Ferranden; Ameriketako Aspen, Miami, Nashville, Chicago edo Seattle; Kanadako Montreal eta Toronton; Europako Amsterdam, Dresden, Annecy, Praga, Karlovy Varyn; edo Espainiako Xixon, Bilbo, Sitges, Huesca, Valentzia, Malaga eta abarretan.
Ganera, Borja Cobeagaren 'Eramos pocos' film laburra 2006ko Oscarren hasierako aukeraketara sartu da, Ipar Ameriketako Aspeneko jaialdi entzutetsuan lortutako sariari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!