Lauaxeta Ikastoleak 'II. Señeak Bizkaia Rock Kanpusa' egitasmoa hartuko dau
2026-02-17 08:31 MusikeaIzen-emotea martiaren 8an zarratuko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gatibu taldeko kide Alex Sardui eta Ekain Alzolagaz bat egin dau musikea 14 eta 17 urte arteko ikasle gazteei esperientzia parebakoa eskaintzeko Pazko Astean. Egitasmoa, Lauaxeta Ikastoleagaz alkarlanean egin da. Jardunaldiak, apirilaren 5etik 10era egingo dira.
Aurkezpenean Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kulturea eta Kirol diputadua, Ekain Alzola eta Alex Sardui Señeak alkartekoak, Aitor Pagaldai Lauaxeta Ikastolako zuzendaria eta Irati eta Ekain aurtengo edizinoko gazteak izan dira.
Leixuri Arrizabalagak azpimarratu dauenez: lehen momentutik ilusinoa biztu euskun proiektua da, izan be, kontzeptu asko batzen ditu; gazteria, talentua, kulturea, musikea, adiskidetasuna eta esperientzia barriak. Igazko edizinoak, aurreikuspenak gainditu zituan.
Holan, musika-ikasketak egiten dabizen edo musikarako trebetasun bereziak dituen Bizkaiko gazteek www.seneak.eus webgunearen bidez emon ahal izango dabe izena martiaren 8ra arte.
Bost gau eta sei eguneko egonaldia izango da Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta Ikastolan, horretarako egokitutako instalazinoetan. Jardunaldia zati bitan banatuta egongo da; egunaren lehen erdian zehar ikaskuntzea jorratuko da (teoria musikala, praktika instrumentala, sorkuntza artistikoa...) eta arratsaldean aisialdiko jarduerak egingo dira (urteerak, kirol ekimenak, talde lanak…).
Lanketa personala
Edizino honetan, Señeak egitasmoak musikari gazteentzako orientazino eta bizitza personalerako eta musikalerako trebezietan laguntzeko espazio barria proponiduten dau. Halanda ze, musikari bezela hazteko ezeze, garapen personalerako tresna eraginkorra be da musikea.
Kanpusean egunero jorratuko diran dinamika praktikoen bidez, presinoaren kudeaketea, autokritikea eta espektatibearen kudeaketea jorratuko dira, musika-interpretazinoari eta bizitzeari aplikau leikiozan tresnak eskainiz.
Gainera, musikako ikasle eta goi-mailako profesional erreferenteekaz alkartzeko guneak edegiko dira.
Helburua, partaide gazteen hazkunde artistikoan laguntzea da, euren garapen personala be sustatuz.
Esperientzia pilotu arrakastatsua
Señeak Bizkaia Rock Kanpusaren lehen edizinoak 80 gazte baino gehiago erakarri zituan igaz. Atontzaileek maila artistiko bikainak egon zirala nabarmendu dabe. Musika-aniztasun handiko 23 parte-hartzaile izan ziran: bost gitarrista, sei kantari, lau pianista, lau bateria eta lau bajista. Guztiak Bizkaiko ondoko udalerrietatik etorritakoak: Elorrio, Lekeitio, Igorre, Gernika, Amorebieta, Erandio, Leioa, Usansolo, Getxo, Santurtzi, Trapaga, Sestao, Dima, Bilbo eta Durango.
Alex Sarduik ondokoa adierazo dau: igazko esperientziak gure aurreikuspenak gainditu zituan. Gazteak ikasteko gogoz etorri ziran eta horrek lana asko erraztu euskun. Aste bizia izan zan eta prestakuntza eta esperientzia musikal oso aberasgarri eta emonkorra jaso eben.
Ekain Alzolak, barriz, ondokoa nabarmendu dau: ikasleek euren onena atara eben, musikea eta pasinoa buztartuz. Hori funtsezkoa izan zan guztion arteko giro ona lehen egunetik aurrera zabaltzeko. Horren erakusgarri ikasturte amaierako kontzertua izan zan, Zornotza Aretoa ganezka egoala.
Bestalde, Lauaxeta Ikastolako zuzendari Aitor Pagaldaik berretsi egin eban aisialdiko orduetan be giro ona izan zala: Lauaxeta Ikastolako begiraleek aisialdiko hainbat jarduera egin zituen taldeagaz, hartu-emonak estututen, taldea indartzen eta konfidantzea lortzen lagundu ebenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
