Rozalén, Olaia Inziarte eta Gaizka Insunza Haziberri Jaialdian izango dira
2025-05-29 13:50 MusikeaSarrerak gaur, hilak 29, 18:00etatik aurrera egongo dira eskuragarri hemen.
Haziberri Festibala bosgarren edizinoa atondu dau garagarrilaren 9an, Gernikako Europako Herrien parkean. Kartelburu nagusia Rozalén kantautorea izango da, Olaia Inziarte musikari gaztearen eta Gaizka Insunza genikarraren kontzertuekaz batera.
Aurton, lehen aldiz, Euskal Herritik kanpoko musikari bat izango da Haziberrin: Rozalén. Albaceteko Letur herriko kantautorea musika-erreferente bilakatu da Estadu mailan, haren musika konprometidu eta hunkigarriagaz. Rozalenenek, besteak beste, ondoko autortza honeek jaso ditu: hiru Urrezko Disko, hiru Platinozko Disko, Goya sari bat, 2021eko Musika Garaikideetako Sari Nazinonala, hiru Latin Grammy izentapen eta Gaztela-Mantxako Meritu Profesionalaren Plakea.
Ganera, aktibista sozial garrantzitsua da: sortzen dauen musikearen bidez gitxiengoen eta baztertuta dagozen komunidadeen eskubideak defendetan ditu. Azkenaldian euskereari be keinu egin deutso, sensibilidade handia erakutsiz.
Olaia Inziarte nafarra, barriz, euskal musikarien belaunaldi barriko ahots indartsuenetako bat da. Haren proiektuak freskotasuna eta nortasuna eroango ditu oholtzara. Ganera, Zerrautsa bigarren diskoa kaleratu dau; pop, folk eta elektronika estiloak buztartzen dituana.
Audience taldeko abeslari eta sortzaile bezela ezagutzen dogun arren, Gaizka Insunza gernikarrak bakarka eskainiko dau kontzetua. Iaz izeneko bigarren lana aurkeztuko dau; jazz eta soul ikutuak dituan diskoa, euskereari keinu egiten deutsona.
Bost urteko ibilbidea
2021eko garagarrilean egin zan lehen edizinoa. Halanda ze, hobetzeko gogotsu lan egiten dabe, bertoratzen diran musikari eta musikazaleen esperientzia hobetu guran: orain arte jasotako erantzunak, parkea urtero betez, lanean jarraitzeko indarra emoten deusku. Zerbait berezia sortzen gagozela sentiduten dogu eta oraindino asko daukagu emoteko. Horregaitik gure esker ona adierazo nahi deutsegu, Haziberri posible egiten dabizen guztiei; publikoari, Haziberri gorpuzten daben persona eta eragile guztiei, baita azkenengo urteotan osotu dogun lankidetza sareari be (bolondres, norbanako, alkarte, teknikari, enpresa eta hainbat erakunde).
Jasangarritasunaren bidetik
Ingurumena jagoten dauen ekimena da Haziberri. Urtero lez, neurri txiki ugari hartzen ditue bide horretan. Neurri horreetako bat 1000 lagunentzako janari eskaintza atontzea da, bertoko baserritarren produktuekaz, Baserritik Gernikara Alkartearen eskutik. Edarien arloan be bertoko produktoreek hornitzen dabe jaialdia.
Informazinoa
Aurton, arratsaldeko 18:00etan edegiko dira jaialdiaren ateak. Lehenbizi Gaizka Insunzak joko dau Atseden Gunean. Ondoren kontzertu guneko ateak edegi eta Olaia Inziartek eskainiko dau zuzenekoa. Amaitzeko, Rozalén kantautorea izango da protagonistea.
Sarreren prezioa 36 eurokoa da. Gaur, hilak 29, 18:00etatik aurrera egongo dira eskuragarri hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!