Igor Legarretak 'Inurri itsusiak' filmaren grabazinoa amaitu dau
2025-05-27 07:45 ZinemeaUrko Olazabal eta Itziar Ituño dira protagonista.
Igor Legarreta (Ilargi guztiak, Cuando dejes de quererme) zinemagilearen Inurri itsusiak hirugarren film luzearen filmazinoa amaitu da Bizkaiko hainbat tokitan (Bilbao, Elorrio, Galdakao, Getxo, Gorliz, Sagasta, Mundaka) 10 astez grabetan ibili ondoren. Euskal Herriko paisaje natural ikusgarrienetako batzuk eta dekoradu handiak buztartzen dira.
Igor Legarreta zuzendariak adierazo dauenez, pelikula horrek izaera humanistea eta zorigatxari eta premineari aurre egitea erabagiten daben personaia batzuen ahalegina islatzen dau, horreen bizi-baldintzak hobetzen saiatzeko. Protagonisten giroa eta ingurunea irudikatzeko, produkzino konplejua egin da, eguraldi txarrari egokitua, bai kanpoaldean eta baita 2.000 metro koadroko plato handi batean be. Elementu guztiak kontrolpean izan nahi genduzan: euria, haizea, lainoa, argia, espazioak... Eta horren ondorioz itsaslabarraren zati bat berreregi behar izan dogu, Galeako itsaslabarraren goiko aldea hain zuzen be.
Filmazinoaren ondoren, Urko Olazabalek, protagonistak, holan dino: nire personaia Sabas Jauregui da, haren bost seme-alaben biziraupena bermatu nahi dauen familiako aita. Orduan, aukera bat dozu. Itsasontzi bat dago kostan kareztau eta ikatz-karga guztia botatan dauena. Halanda ze, gizon horrek ikatz horren bila joan nahi dau, neguan familia berotzeko.
Bestalde, Itziar Ituñok, protagonistakideak, ondokoa autortzen dau: nire personaia Josefa da, haren garaiko emakumea, hogeita hamarreko hamarkadakoa. Hori ez zan bape erraza izango, emakume gogorrak ziralako. Halanda be, jagole handiak izateko ardurea eben. Ikatzaren bila joateko aukerea subertatzen dan momentuan, Josefa Sabasen kontrapuntua da. Sabasek ez dau dudarik eta berak, barriz, munduko guztiak.
Filmaren protagonistak dira Urko Olazabal (gizonezko bigarren aktore onenaren Goya saria Maixabel filmagaitik eta gizonezko aktore protagonista onenaren sarirako izentauta Soy Nevenka filmagaitik), Itziar Ituño (La casa de papel, Intimidad, Irati), Josean Bengoetxea (Balenciaga, Errementari, Loreak), Miren Gaztañaga (Los últimos románticos, Ane, El hoyo), Unax Hayden (20.000 erle espezie, Irati) eta Patxi Bisquert (Oreina, Tasio). Filmak Carlos Santosen (Invisible, 1992) lankidetza berezia dau. Dani Cabrera (Querer), Kimetz Etxabe (Go!azen), Markel Martínez (Nosotros), Anuk Puértolas eta Elena Uriz (Irati) aktoreek osotzen dabe aktoreen zerrendea.
Igor Legarretak zuzenduta, Inurri Itsuak filman Imanol Nabea da argazki-zuzendaria (Tratamos demasiado bien a las mujeres). Mikel Serrano, barriz, arte-zuzendaria (Goya sariduna Akelarre eta Handia lanengaitik). Maite Tarilonte (La fortuna, Patria) arduratu da jantziez. Abigail Machado (Vampire Academy) makillajeaz arduratu da eta Clara Domínguez (Las invisibles), barriz, ule-apainketeaz. Maialen Sarasua (Faisaien Irla, Marco) muntaketaz. Pascal Gaignek (Nosotros, La ermita, Goya sariduna Handia filmagaitik) soinu-bandea egin dau. Pablo Barinada da produkzino-zuzendaria eta Iker Ganuza, Pablo Barinaga eta Luis Ferrón dira produktore eragileak.
Inurri Itsuak ondoko honeek produzidu dabe: Bruja del Norte Films, AIE; Lamia Producciones Audiovisuales, SL; Lazona Zinema, SL; Lazona Producciones, SL; Sideral Cinema SL eta Buendía Estudios Bizkaia, SLU; Caviar Antwerp BVegaz koprodukzinoan. Filmak EITBren eta Atresmedia Cine produkzino-etxeen parte-hartzea dau, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzeagaz; eta Elkargi, SGRren eta Kutxabanken finantziazinoa dau. Espainian estreinauko da, Buena Vista Internationalek banatuta.
Inurri itsuak
Bizkaia, 1935. Denporale gogor baten ondorioz, tonaka ikatzez betetako itsasontzi ingeles batek hondoa jo dau. Gauez, Algortako bizilagunak itsasertzera joaten dira urre baltza eskuratzeko. Sabas Jaureguik aukera parebakoa ikusi dau jazoera horretan; baina Josefa emaztearentzat, seinale txarra da. Emaztearen erreguei jaramonik egin barik, Sabasek seme-alabak eroango ditu bertara. Familiak sekulakoa egingo dau negutik salbau edo ikatza babesteagaitik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!