Jose Luis Alcainek Ohorezko Mikeldi Saria jasoko dau

Bizkaie! 2024-11-14 13:16   Zinemea

Bihar, hilak 15, Arriaga Antzokian egingo dan amaiera galan.

José Luis Alcaine argazki-zuzendariak Ohorezko Mikeldi Saria jasoko dau. Guztira, bost Goya Sari irabazi ditu eta XX. mendeko zinemagile nagusiakaz egin dau lan, esaterako, Pedro Almodovar, Fernando Trueba, Víctor Erice, Carlos Saura, Brian De Palma, Adolfo Aristarain eta Montxo Armendariz.

José Luis Alcaine komunikabideen aurrean agertu da gaur goizean Arriaga Antzokian, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia eta Joseba Lopezortega jaialdiko zuzendariagaz batera.

Tetuanen jaio zan 1938. urtean (Tetuan Marokoko Protektoradu espainiarreko uriburua zanean). Madrilgo Zinematografia Eskola Ofizialean ikasi eta haren talentuak laster eroan eban ibilbide emonkor baten preludioa izango ziran proiektuetan lan egitera.

José Luis Alcaineren estiloa goraipatua izan da personaien zehetasun emozionalak eta psikologikoak argazkiaren bidez nabarmentzeko dauen maisutasunagaitik, baita atmosfera iradokitzaileak sortzeko eta argia elementu narratibo bihurtzeko dauen gaitasunagaitik be.

Ondoko filmei esker jaso ditu bost Goya Sari: El sueño del mono loco (Fernando Trueba); Belle epoque (Fernando Trueba); El pájaro de la felicidad (Pilar Mirón); El caballero Don Quijote (Manuel Gutiérrez Aragón); Las 13 rosas (Emilio Martínez). Ganera, 16 izentapen gehiago jaso ditu. Horreezaz gan, Europako Zinema Akademiako argazki-zuzendaritza onenaren saria jaso eban Volver (Pedro Almodovar, 2006) filman egindako lanagaitik eta 2017an, Locarnoko Zinemaldi ospetsuak bere izena gehitu eutson Vision Awardeko beste irabazle batzuei, esaterako, Douglas Trumbull, Walter Murch edo Howard Shoreri.

José Luis Alcaineren lana autortzeko, Tasio (1984) film luzea proiektauko dabe amaiera galako ekitaldiaren ondoren. Elías Querejetak 1984an produzidutako eta Montxo Armendarizek zuzendutako film luzea.

Sari banaketea

Zinebik, bihar, hilaren 15ean, barikua, zarratuko dau 66. edizinoa, arratsaldeko 19:30ean, Arriaga Antzokian. Ekitaldian zehar, epaimahaiek erabagitako sariak banatuko deutsee film labur, film luze eta proiektu sarituei.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu