'Itoiz udako sesioak' filma, gaur, hilak 11, ikusgai
2024-11-11 07:50 ZinemeaGolem Alhondigako 7. aretoan, 21:30ean.
Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren eta Doxa Produccionesek produzidutako Itoiz udako sesioak filmaren mundu mailako estreinaldia hartuko dau Bilboko Udalak atondutako Zinebi Jaialdiak. Beraz, euskal rock talde mitikoa pantailara bueltauko da.
Gaur gauean 21:30ean eta eguenean, hilak 14, 19:30ean, Golem Alhondigako 7. aretoan ikusi ahal izango dan filma gaur goizean aurkeztuko da Azkuna Zentroan, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzi Gonzalo Olabarriak, Zinebiko zuzendari Joseba Lopezortegak eta Itoiz udako sesioak filmeko zuzendariek parte hartu daben prentsaurrekoan.
Proiektu horrek Zinebin eta Xixón - FICXeko Nazinoarteko Zinema Jaialdian egingo dauen estreinaldia txandakatuko dau. Jaialdi bien arteko lankidetza-hitzarmen baten emoitza da eta, ganera, Campolivar (Alicia Moncholí, 2024), Errotatiba (Iratxe Fresneda, 2024) eta Horizontal (Álex Reynolds, 2024) film laburrak estreinauko dabe alkarlanean.
Proiektua 2019an Zinebi Networking Bilboko Dokumentalen Nazinoarteko Foroaren bigarren edizinoan aurkeztu eben. 100 minutuko iraupena dauka.
Argazki zuzendaria, Txarli Argiñano da. Ainhoa Andraka eta Larraitz Zuazo muntaketaz arduratzen dira eta soinuari jagokonez, Andrea Sáenz, Julen Valmaseda eta Xanti Salvador izan dira arduradunak.
Ikusi ez diran hainbat zinta aurkitzean, Juan Carlos Perezek, Itoiz talde ikonikoaren liderrak, taldearen unerik gorenean desegiteari buruz hausnartzen dau. Batez be, estilo-aldaketa argi baten ondoren, gaur egun, oraindino ukatzen dauen pop-a hain zuzen be. Holan, Karlosek bidai bat hasiko dau, 70eko hamarkadan Mutrikun rock progresiboko bandearen hastapenak barpiztuz.
Gaurko programazinoa
Gaur goizean hasi da Zinebi Networking ekimena, Zinemaldian parte hartu daben zinemagileek 2024ko Ohorezko Mikeldi Saria dan Laura Poitras zinemagileagaz. Gaur arratsaldean, Elena López Rierak Las vísceras del cine masterclassa eskainiko dau. Azken hamarkadean espainiar zinemearen funtsezko ahotsetako bat izan da.
Proiekzinoen programazinoa Zinebi Gazte zikloagaz hasiko da. Bigarren Hezkuntzako azken ikasturte bietako eta Batxilergoko lehen mailako ikasleei zuzenduta dago. Hainbat film ikusiko dira BBK Aretoan, saio bikotxean, 10:00etan eta 11:30ean. Hiru film labur programau dira: em>Echoes (Robinson Drossos); Un pájaro voló (Leinad Pájaro de la Hoz); eta Urak eginen du bide (June Agirre, Alex Altuna eta Oier Markotegi).
Opera prima ZIFF Zinebi nazinoarteko film luzeei eskainitako lehiaketearen proiekzinoek aurrera jarraiten dabe, gaur arratsaldean, 16:45etan, Golem Alhondigako 7. aretoan, After the Snowmelt Lo Yi-Shan zuzendari taiwandarraren estreinako emonaldiagaz. Ganera, 19:15etan, Celeste Rojas Mugicaren Una sombra oscilante dokumental txiletar-argentinarra ikusi ahal izango da.
2023an Europako Film Labur Onenaren Sarirako hautagai izan ziran film laburren proiekzinoa izango da gaur. Holan, Golem Alhondigako 5. aretoan, 17:30etan, Frantzia eta Hungariako 27 animazinoko koprodukzinoa, Flóra Anna Budaren zuzendaritzapean; Manuel Muñoz Rivasen Aqueronte dokumental espainiarra; Christian Avilés espainiarraren La herida luminosa fikzinoko film laburra; eta Susanna Flock, Robin Klengel, Leonhard Müllner eta Michael Stumpf zuzendarien Hardly Working animazinoko film labur dokumentala eskainiko dira.
Bertoko Begiradak. Euskadiko begiradak atalaren barruan, 18:00etatik aurrera, Azkuna Zentroko Auditorioan, Imanol G. Gurrutxagaren Bidean (fikzinoa), Sergio Roman Costaren Espurna (animazinoa), Izibene Oñederraren Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) (animazinoa), Lide Billelabeitiaren Far Away Moubtanis (dokumentala), Alba Lozanoren Utländsk (fikzinoa), Nerea Sciarraren Pomo d ‘oro (fikzinoa) eta Uxue Botasen eta Ane Nafarrateren Komando Marmitako (fikzinoa) ikus daitekez. Sail berean, 20:00etan, BBK Aretoan, Jone Ibarretxe & Nere Falaganen Esto no es Hollywood (La historia inacabada de los hermanos Ibarretxe) film luze dokumentala programau da.
Ordu berean, Azkuna Zentroko Auditorioan Sail Ofizialeko Nazinoarteko Lehiaketearen saioa izango da. Bertan, I Would ‘ve Been Happy (Jordan Wong – AEB), Un movimiento extraño (Francisco Lezama, Argentina), Nutcracker Girl (Michalina Musialik, Polonia), Ashen Sun (Camille Monnier, Frantzia), Apocalypse (Benoit Méry, Frantzia), Data Flesh (Felipe Elgueta, Txile) film laburrak estreinatuko dira estaduan. 2006 (Gabriella Choueifaty, Frantzia, Libano) filmaren kasuan, mundu mailako estreinaldia izango da.
Jardunaldia 21:45etan amaituko da Golem Alhondigako 5. aretoan, Michael Premo estatubatuarraren Homegrown (2024) dokumentalaren estreinaldiagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!