Kimuaken 25. urteurrena ospatuko dabe
2024-10-25 11:20 ZinemeaHamabi film proiektauko ditue saio bitan.
Bilboko Udalak sustatutako Zinebi - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Kimuak programearen 25 urteak ospatuko ditu. Programea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak atondu dau Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, Euskadiko Filmategiagaz lankidetzean. 1998an sortu zan, mundu osoan euskal film laburrak sustatzeko eta banatzeko.
Urtero, Kimuaken zigilupean, nazinoarteko jaialdi garrantzitsuenetako hautaketa-batzordeek Euskadin urte horreetan produzidutako film labur onenetako batzuen bildumea aukeratzen dabe.
Film horreek banatzen hasi ziranetik mende lauren baino gehiago pasau danean, Zinebik Estaduan aitzindaria izan dan eta euskal zinemearen hedapenean hainbeste lagundu dauen programea autortu nahi dau. Horretarako, katalogoko hamabi film labur proiektauko dira, horreetako batzuk jaialdian sarituak eta programa horren zabalkunde-lanari esker munduko zinemaldi garrantzitsuenetako batzuetan erakutsitakoak izandakoak. Zuzendarien artean, azken urteotako euskal zinemagile nabarmenetako batzuk dagoz, esaterako, Estibaliz Urresola, Asier Altuna edo Borja Cobeaga.
Jaialdian ondoko film honeek izango dira ikusgai: Ximinoa (Itziar Leemans, 2023), Cuerdas (Estibaliz Urresola, 2022), Areka (Atxur Animazio Taldea, 2021), Azaletik azalera (Mel Arranz, 2021), El infierno (Raúl de la Fuente, 2019), Mateoren ama (Aitor Arregi, José Mari Goenaga, 2019), Gure hormek (Las Chicas de Pasaik, 2016), Hotzanak, For Your Own Safety (Izibene Oñederra, 2013), Zela Trovke (Asier Altuna, 2013), Deus et machina (Koldo Almandoz, 2012), La primera vez (Borja Cobeaga, 2011), La gallina ciega (Isabel Herguera, 2005).
Saio bi programau dira, biak Azkuna Zentroko Golem Alhóndiga zinema-aretoetan, zapatuan, hilak 9, 21:30ean eta domekan, hilak 10, 17:00etan.
Kimuaken esperientzia bederatzi autonomia-erkidegotako ordezkariekaz partekatuko da. Ekimena zemendiaren 10ean, domekan, egingo da Azkuna Zentroan. Ondoko honeek hartuko dabe parte: ShortCat (Katalunia), Shortzinema (Nafarroako Foru Erkidegoa), Cantabria en Corto (Kantabria), Curts (Valentziako Erkidegoa), Quercus (Gaztela eta Leon), Jara (Extremadura), Madrid en Corto (Madrilgo Erkidegoa) eta Andaluziako Ikus-entzunezkoen Sustapen Katalogoa (Andaluzia). Ganera, Cracoviako Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiko eta Cannesko Zinemaldiko Semaine de la Critiqueko programatzaileek be parte hartuko dabe.
Lan-hitzordu horretan, parte-hartzaileek katalogo bakotxaren dinamikak eta euren beharrak alkarbanatuko ditue, norabide berean alkarregazko lankidetza-aukerak izateko eta ekintza-plan bateratua aurrera egiteko.
Europako film labur onena
Zinebik 2023ko Urteko Europako Film Labur Onenaren Sarirako hautagai izan ziran bost film laburren proiekzinoa be hartuko dau: 27 (Flóra Anna Buda, Frantzia-Hungaria, 2023); Aqueronte (Manuel Muñoz Rivas, Espainia, 2022); La herida luminosa (Christian Avilés, Espainia, 2022); Flores del otro patio (Jorge Cadena, Suitza-Kolonbia, 2023); Hardly Working (Total Refusal, Susanna Flock, Robin Klengel, Leonhard Müllner, Michael Stumpf, Austria 2022).
Jaialdia, Urteko Europako Film Labur Onenaren Sariaren aurretik filmak aukeratzen dituan Estaduko jaialdietako bat da (Europan 28 dira). Halanda ze, azken hilebeteetako 30 minutu baino gitxiagoko film onenetako batzuk ikusgai jarten ditu.
Europako Zinema Akademiaren sariak emoteko ekitaldia abenduaren 7an izango da, Suitzako Lucerna urian.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!