Pedro Olea eta Javier Botet, 30. edizinoko ohorezko sariak

Bizkaie! 2024-03-27 10:04   Zinemea

Guztira, 30 lan proiektauko dira, horreetatik 13 Euskal Herrikoak.

Pedro Olea eta Javier Botet (Argazkia: Iñigo Royo). | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak atontzen dauen FANT - Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, maiatzaren 3an hasiko dan arren, jaialdiaren 30. urteurrena ospatuko dauen edizinoaren xehetasunak ezagutzera emon ditu.

FANT maiatzaren 11ra arte luzauko da eta programazinoaren barruan, Sail Ofizialeko saio bietan (FANT laburrean euskal filmak eta FANT nazinoarteko film laburrean) eta Panorama Fantastikoa Saileko saioan hautatutako hogeita hamar lan proiektauko dira.

Ganera, FANTek Fantastikoaren Izarra saria Pedro Olea zuzendariari emongo deutso. Bilbon jaio zan Olea, eta zinema-errepertorio zabala dau, izan be, filmau dituan pelikulen artean, aitatzekoak dira No es bueno que el hombre esté solo (1973), La casa sin fronteras (1972) eta El bosque del lobo (1970).

Sari horrezaz gan, jaialdiak Ohorezko FANT Saria Javier Boteteri emongo deutso. 2007an Jaume Balaguerók eta Paco Plazak (Ohorezko FANT sariak lortu eben 2021ean eta 2023an, hurranez hurran) zuzendutako REC pelikulan Madeiros haurra pertsonaiaren lanari esker da ezaguna aktorea. Ordutik, bestek beste, La cumbre escarlata (2015), El renacido (2015), Expediente Warren: el caso Enfield (2016), Alien: Covenant (2017), El guardián invisible (2017), La momia (2017), IT (2017) eta Insidious: la última llave (2018) filmetan parte hartu dau.

Film laburrak

FANTek beti egin izan dau film laburren aldeko apustua eta aurten be, garrantzi handia izango dabe jaialdiaren programazioan, hobeita hamar proposamenegaz.

Sail Ofizialean ondoko nazinoarteko film labur honeek egongo dira: Ahora vuelvo (2023, ESP, Lucas Paulino, Gabe Ibañez); Alicia (2023, ESP, Tony Morales); La Ley del más fuerte (2023, ESP, Raúl Monge); Los cómplices (2023, ESP,  Alberto Evangelio); Mi zona (2023, ESP, Cristian Beteta); Prends Chair (2023 Frantza, Armin Assadipour); Shé (Snake) (2023, Erresuma Batua – Estatu Batuak, Renee Zhan); Stop Dead (2023, Erresuma Batua,  Emily Greenwood); eta White Ant (2023, Erresuma batua – India, Shalini Adnani).

Horreezaz gan, Jaialdiak tokiko talentuaren aldeko apustua egingo dau, Sail Ofizialean euskal film laburrentzat lekua emonez. Aukeratutako filmak ondoko honeek dira: Betiko gaua (2023, Eneko Sagardoy); Betizu buru (2023, Kim Maiteny); Conej Steps out (2023, Pablo Río); Deadly Draw (2023, Nitya López); Europa (2023, Ekain Irigoien); Extrema gravedad (2023, Lorenzo Ayuso); Feminancy (2023, Uxuri Etxegia Etxebeste); Hado (2023, Rubi Rock); Jende arrotza (2023, Imanol Ortiz López); Nada de nada (2023, Gastón Haag); Ni lobos ni corderos (2024, José Luis Acosta); To bird or not to bird (2023, Martín Romero); eta Txotxongiloa (2023, Sonia Estévez).

Epaimahaia

Sail Ofizialeko epaimahaia ondokoa da; Ana Hormaetxea, Nafarroako Unibersidadean Ikus-Entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna eta gaur egun garatzen ari diran hainbat film luzeren gidoilaria da, besteak beste Tormenta en Abril edo El tesoro de Lehman; Chris Oosterom, Amsterdamgo Imagine Fantastic Film Festivaleko zuzendaria da, eta Herbeheretako hainbat lekutan zinema-programatzaile bezela lan egin izan dau; eta Araceli Péres-Rastrilla, pelikula askoren produktorea, horreen artean aitatu daitekez Venus, La piedad edo Jaula, horrezaz gan, Espainiako Zinema Akademiako kidea da baita be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu