Fant 30ek 'Vincent doit mourir' filma aurrestreinauko dau
2024-02-22 10:48 ZinemeaStéphan Castangen zuzendutako lana, martiaren 7an proiektauko dabe.
Bilboko Udalak atontzen dauen Bilboko Zinemaldi Fantastikoa – FANTek 30 urte beteko ditu aurten eta maiatzaren 3tik 11ra bitartean izango da. Urtero lez, Zinemaldiak PreFANT zikloa martxan jarriko dau eta FANTek Stéphan Castangen Vincent doit mourir filmearen aurrestreinaldia hartuko dau.
Vincent bere inguruko jentearen erasoak jasoten hasi da, ezelako arrazoi barik. Bere bizitzeak kontrola galtzen dau eta indarkeria areagotzen dan neurrian, iges egin behar izango dau. Baina, nora?
2023ko Canneseko Zinemaldiko Kritikearen Astean aurkeztu zan eta Zuzendari Barri Onenearen saria irabazi eban, baita Sitges 2023ko Jaialdian Karim Leklourek irabazitako Aktore Onenaren saria.
Vincent doit mourir Stéphan Castangen lehen film luzea da, zuzendari bezela French Kids (2011), Panthéon Discount (2016) eta Finale (2020) film laburrak idatzi eta zuzendu ondoren. Marion Guerrero, Bonît Lambert eta Thomas Poulard aktoreakaz egindako antzerki-lanak be nabarmentzen dira, eta L 'Artifice konpainiagaz kolaborau dau aktore eta antzerkigile lez.
- Proiekzinoa: Martiaren 7an, eguenean, 19:30ean Gólem – Alhóndiga zinema-aretoetan.
- Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Fitxa artistikoa
- Aktoreak: Karim Leklou, Vimala Pons, François Chattot eta Karoline Rose Sun.
- Gidoia eta zuzendaritzea: Stéphan Castang.
- Generoa: Komedia, Dramea eta Thrillerra.
- Hizkuntzea: Gaztelania.
- Urtea: 2023.
- Iraupena: 115 minutu.
- Martiaren 8an estreinauko da aretoetan.
Jasotako lanak eta euskerazko film labur bat produziduteko aukerea
Izena emoteko epea amaituta, jaialdiak jakinarazo nahi dau 820 zinema-lan baino gehiago jaso dituela. Lanak hainbat herrialdetakoak dira, esaterako, AEB, Alemania, Argentina, Australia, Belgica, Brasil, Kanada, Txile, Txina, Kolonbia, Hego Korea, Kroazia, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, Iran, Italia, Japonia, Malaysia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Errusia, Serbia, Suedia eta Thailandia. Bestalde, 40 inguru Euskadin produzidutako lanak dira.
FANTek gogorarazoten dau euskerazko film labur bat produziduteko saria jasoteko proiektuak aurkezteko epea zabalik dagoala martiaren 27ra arte. Proiektuak webgunearen bidez bialidu beharko dira. Film laburrak, gehienez, 20 minutuko iraupena izango dabe.
Sari barri horren helburua euskerazko fantasiazko film laburren produkzinoa sustatzea da, irabazleei film labur bat egitea erraztuz eta hautatutako proiektuak 5.000 euro jasoko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!