Israel Fernández flamenko-kantaria Bilbon izango da zezeilaren 17an

Bizkaie! 2024-01-17 10:25   Musikea

Guggenheim Bilbao Museoak Art & Music 2024 atondu dau.

Israel Fernandez | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeiletik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioa zuzeneko musikaz blai izango da Kutxabank babesle dauen Art & Music programearen edizinoari esker. Zezeiletik eta bagilera, bost kontzertu eskainiko jakoz publikoari proposamen moderno eta garaikide batez gozau daian, Museoaren arlo artistikoagaz eta bere arkitektureagaz bat.

Denporaldiari zezeilean emongo jako hasierea, Israel Fernández flamenko-kantariagaz. Bere abestietan, flamenko tradizionalaren ondare garbienak bat egiten dau garaikidetasunagaz eta transgresinoagaz eta, hain zuzen be, horrek eroan dau artista toledoarra generoan gailentzera.

Bestetik, martian, Alice Phoebe Lou hegoafrikarrak lehen aldiz bisitauko dau Bilbo “Shelter” izeneko bere disko barri goraipatua aurkezteko.

Apirilean, barriz, Hania Rani pianista garaikide poloniarraren txandea izango da eta lehen aldiz aurkeztuko dau urian Ghosts, kaleratu barri dauen albuma, Ólafur Arnaldsegaz eta Patrick Watsonegaz egindako kolaborazioak batzen dituana.

Maiatzean, miresmen handia piztu dauen Louane frantziarrak bere pop saritua ekarriko deusku Museoko Atriora.

Eta, amaitzeko, Alemaniako Amistat izango dogu gure artean; abagune bikaina izango da jakiteko taldearen abestiak zergaitik diran hain biralak plataforma digitaletan.

Musika eta artea

Art & Music zikloaren sarrerakaz, bertaratuek, kontzertuez gozau ez eze, Museoko erakusketak be bisitau ahal izango ditue. Hala, 20:30etik aurrera eta 22:00ak arte, hau da, kontzertua hasten dan ordura arte, publikoak talde txikietan bisitau ahal izango ditue Museoan ikusgai dagozan zenbait erakusketa, besteak beste, Ikurrak eta objektuak: Guggenheim Bildumako Pop artea, BBK babesle dauena, Giovanni Anselmo: Ostertzaz gaindi, edo June Crespo. Baskularra. Gainera, Atrioan bertan, publikoak taberna-zerbitzua izango dau edari eta pintxoakaz (konsumizinoak ez dira sarrerearen prezioan sartzen).

Guggenheim Bilbao Museoaren Lagunek deskontua izango dabe sarrerak erostean, emailez jasoko daben kode bat sartuta.

Musika-programatzailea: Last Tour

Informazino gehiago eta sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu