Euskerazko film labur onena sarituko dabe XXX. Fant Jaialdian
2024-01-08 10:23 ZinemeaHautatutako proiektuak 5.000 euroko saria jasoko dau.
Bilboko Udalak euskerazko film labur bat produziduteko proiekturik onena sarituko dau, FANT - Bilboko Fantasiazko Zinemaldiaren 30. urteurrenaren barruan jarritako deialdi barrian. Sariak euskerazko fantasiazko generoko film laburren produkzinoa babestea dau helburu, irabazleek film labur bat egiteko erraztasunak izan deiezan. Hautatutako proiektuak 5.000 euroko saria jasoko dau.
Parte hartu nahi dabenek, martiaren 27a baino lehen aurkeztu beharko ditue proiektuak webgunean eskuragarri egongo dan formularioa betez. Parte-hartzaile bakotxeko film labur bi baino ez dira onartuko, asko jota 20 minutuko iraupenekoak.
Proiektuak bialdu ondoren, epaimahai espezializatu baten aurrean aurkeztu eta defendidu beharko dira Zinemaldian zehar egingo dan jentaurreko saioan.
XXX. edizinorako lanen aurkezpena
Bilboko Udalak atondutako Fantasiazko Zinemearen Bilboko Jaialdia - FANTek (2024ko maiatzaren 3tik 11ra) gogorarazoten dau lanak aurkezteko epea zabalik dagoala hurrengo edizinoan parte hartu ahal izateko.
Lan horreen harrerea zezeilaren 4an, domekan, amaituko da eta oinarriak eta Zinemaldian parte hartzeko lanen aurkezpen prozesuari buruzko zehetasun guztiak webgunean konsultau daitekez. Filmak Movibeta Festival edo FestHome webgunearen bidez aurkeztu beharko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!