'Apaiz Kartzela' Kataluniako TV3 telebistak emongo dau urtarrilaren 9an
2024-01-04 08:05 ZinemeaFrankismoaren kontra altzau ziran abadeak zigortzeko sortutako munduko abade kartzela bakarrari buruzko dokumentala da.
Dokumentalak munduko abadeentzako kartzela bakarra -Vatikanoa eta Francoren artean Zamoran sortutakoa- dau aztergai eta frankismoaren zapalkuntza haren kontra erreakzionau eben abadeen burrukea gogorarazoten deusku, protagonisten euren kontakizunak ardatz hartuta.
2021ko apirilean, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izan eban estreinaldia. Ondoren, CloseUp Edinburgh Docufest (Edinburgo, Eskozia), Festival Internacional de DDHH Miradas Diversas (Caracas, Venezuela), Festival del Cinema dei Diritti Umani di Napoli (Napoli, Italia), OFFCINEDOC (Badajoz, Extremadura) eta Cerdanya Film Festival (Girona, Herrialde Katalanak) jaialdietatik igarota egin eban ibilbidea. Azken honetan, gainera, Dokumental Onenaren Saria eta Ikusleen Memoria Historikoaren Saria irabazi zituan. Urte horretako zemendiaren 26an izan eban estreinaldi komertziala Estadu Espainiarreko zinema-aretoetan.
Kataluniako telebista publikoan egingo daben proiekzinoa izango da filma modu edegian ikusteko lehen aukerea.
1968 eta 1976 artean 50 bat abade (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelaratu zituen Francisco Franco diktadorearen errepresinoaren kontrako jarrerea erakusteagaitik. Sermoietan diktadurearen zapalkuntzea salatzeagaitik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituen abade horreek nekez ahaztuko ditue nazinoarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean emon zituen mutinaren irudiak, izan be, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzeleari su emon eutsen bertan preso egozanek.
Bolada gogor horreetan bere gizartearen aldeko konpromisoari sendo heldu eutsen abade hareen bizipenak barrituko ditu filmak. Belaunaldi barrientzat ezezaguna baita Zamorako abade-kartzelearen historia eta, askotan esan deuskuen moduan, ezezaguna izateaz gan, kontau barik be baitago.
Honako hau mundu osoan izandako abade kartzela bakarraren historia da, Francoren diktadura faxistearen eta Vatikanoaren arteko konkordatua zala eta sortutakoa. Eskubide zibilak defendiduteagaitik kartzelaratuak izan eta tunel bat eginda iges egiten saiatu ziran abadeen historia. Hamarkada batzuk aurrerago, diktadorea aspaldi hil zan arren, gure protagonistek eutsi egiten deutse memoriari, jazotako guztia ahaztu ez daiten.
Apaiz Kartzela filma Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films produkzino etxeek sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren produkzino alkartuagaz, EITBren parte-hartzeagaz, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazinoaren, Etxepare Institutuaren laguntzeagaz eta Berria, Zuzeu eta Irutxuloko Hitzaren babesari esker.
Ritxi Lizartzak, David Pallarèsek eta Oier Aranzabalek bete ditue zuzendari lanak. Xabier Etxeberriak, Martin Etxeberriak, Miel Anjel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok idatzi dabe gidoia eta Maialen Sarasuak egin ditu edizino lanak. Kote Camachok sortu ditu animazinoak eta Joserra Senperenarenak dira doinuak. Azkenik, Alex Argoitiak landu dau irudien postprodukzinoa, eta Mediavox estudioetan jorratu ditue soinu-nahasketak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!