'The Great White Whale' filmak irabazi dau Sari Nagusia Mendi Filmen

Bizkaie! 2023-12-18 07:45   Zinemea

Australiako mendi altuena eta bakartiena igon nahi daben mendizale eta marinelen inspirazinoz betetako istorioa.

Michael Dillonek irabazi dau BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko Sari Nagusia The Great White Whale filmari esker, baita zuzendari onenaren saria be. Australiako mendi altuena eta bakartiena, Ozeano Australaren sakonean dagoan Big Ben, igon nahi daben mendizale eta marinelen inspirazinoz betetako istorioa kontetan dauen pelikulea da.

Mendi Filmen 16 urtetako ibilbidean Sari Nagusia bitan irabazi dauen lehen zuzendaria bihurtu da, holan, Michael Dillon. 2020an irabazi eban lehen Sari Nagusia Mendi Filmen Hillary – Ocean to Sky pelikuleagaz eta igaz Bilbon jaso eban International Alliance for Mountain Film alkargoaren Sari Nagusia be. The Great White Whale pelikulearen Europako estreinaldia Bilbon egiteko amesa izan dau zinegile australiarrak.

Epaimahaiko kideak ondokoak izan dira: Eliza Kubarska (Polonia) eta Patricia Ayala (Colombia) zinegileak, Michael Pause (Alemania) kazetaria eta Juantxo Zeberio Etxetxipia eta Nerea Alberdi (Euskadi) konposatzaileak.

Beste pelikula bik be bina sari jaso ditue: Bilbon Kazuya Hiraide alpinista eta protagonista japoniarrak nazinoartean aurkeztutako Rope mendiko pelikula onena izan da eta soinu-banda onenaren saria be jaso dau; Eiko Ishibashi konpositore arrakastatsua da soinu banda horren egilea.

Carne et ossa be festibaleko pelikula nabarmenetako bat izan da. Gidoi onenaren eta kultura eta natureari buruzko pelikula onenaren sariak jaso ditu. Roberto Zazzara zuzendari italiarrak berak aurkeztu dau Mendi Filmen, Mendi Zaleen autortzea be jasoz. Han eta hemengo festibaletan sari ugari irabazten dagoan fima da.

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko Sail Ofizialean 51 pelikula aurkeztu dira, 15 herrialde ordezkatuz. Lehiaz kanpo aurkeztutako beste 6 pelikula gehituta, guztira 57 lan ikusi ahal izan dira 10 egunotan Bilboko Sala BBK, Golem zinemak eta Euskalduna Jauregian.

Azken eguna, hilak 17, domekea, Non Stop saioakaz gozetako eguna izan da. Pelikula saritu guztien proiekzinoak izan dira, hiru saiotan banatuta (12:00etan, 17:00etan eta 19:30ean) Golem zinemetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu