'Beyond the Other Shore' filmak irabazi dau Sari Nagusia

Bizkaie! 2023-11-20 07:50   Zinemea

Euskal Zinemearen Sari Nagusia, barriz, Ximinoa film laburrak lortu dau.

Pek Jia Hao eta Ang Jia Jun, Sari Nagusiaren irabazleak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Pek Jia Hao eta Ang Jia Junek zuzendutako Beyond The Other Shore film laburrak, Zinebi - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 65. edizinoko Sari Nagusia irabazi dau, 7.000 eurokoa.

Epaimahaiak nabarmendu dauenez, bikain menperatutako zinematografia baten bidez, poesiaz betetako film labur horrek dolu gogorraren bidea jorratzen dau, ikusleei protagonistearen barruko sentimenduen eta haren fisikoaren artean sartzeko aukerea emonez.

Sail Ofizialeko – Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketako palmaresaren sari nagusiak Euskal Zinemearen Sari Nagusiak beteten dau, Ximinoa (Itziar Leemans, Euskadi / Frantzia, 2023) dokumentalari emondakoa, errealidade isil eta sendo bat alderatzeagaz. Epaimahaiak adierazo dauenez, apustu formal eta estetikoaren argitasuna alde batera itxi barik, film laburrak poliki-poliki giro klaustrofobiko batean sartzen gaitu.

Espainiako Zinemaren Sari Nagusia El Soldao (Alejandro Cabrera, Espainia, 2023) dokumentalak irabazi dau. Dokumentalaren benetakotasunari esker, Espainiako landa eremuan errotutako dokumental horrek arreta handiz erakusten dau gomuten bilaketea, baina baita denporan zehar zer geratzen dan eta zer falta dan be.

Urtero lez, generoen araberako Mikeldi Sariak be banatu dira: Fikzinoko film labur onenaren saria It Turns Blue  (Shadi Karamroudi, 2023) lanak eroan dau; animazinoko film labur onenaren saria La perra (Carla Melo, 2023) Frantzia-Kolonbia koprodukzinoak; eta dokumental labur onenaren saria The Veiled City (Natalie Cubides-Brady, 2023) filmak irabazi dau.

Epaimahaikideek ondoko honeek izan dira: Florian Fernandez Canneseko Zinemaldiko Short Film Corner industria programearen koordinatzaileak; Haruka Hama Yamagatako (Japonia) Nazinoarteko Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren zuzendariak; Mariana Hristova zinema kritikari eta programatzaile bulgariarrak; Estibaliz Urresola euskal zinemagileak; eta Alberto Vázquez animazino zuzendari, ilustratzaile eta marrazkilari galiziarrak.

Horrezaz gan, Zinebi Europan urtero EFA (European Film Awards) sarietarako hautagai dan film labur bat aukeratzen daben Estaduaren jaialdi bietako bat da. Beraz, Zinebiren 65. edizinoko Nazinoarteko Epaimahaiak Sara Jurinčičen Valerija film labur kroaziarra aukeratu dau Film Labur Onenaren EFA 2024 Sarirako hautagai.

Beste sari batzuk

  • Gazte Epaimahaiaren Saria (ZIFF), 2.000 euroko saria: Zarata (Tamara García Iglesias).
  • Publikoaren Saria, 3.000 euroko saria: It turns blue (Shadi Karamroudi).
  • Cineclub FAS, 2.000 euroko saria: Kusikozu (Aitor Irulegi Lopez).
  • Euskal dokumental luzeen proiektu onena, 10.000 euroko saria: La isla sumergida (Lucía Malandro eta Daniel Saucedo).
  • Estaduko dokumental luzeen proiektu onena, 10.000 euroko saria: Jo Sóc (Patricia M. Felix).
  • Aukera Hemen Saria, 3.000 euroko saria: Mi Reina (Irene Royo).
  • Aukera - Sortzaileen Saria eta Aukera - Nazinoartekotze Zineuskadi Saria, guztira 6.000 euroko saria: Ezagutzen ditugun bekain guztiak (Marta Codesido eta Núria Ubache).
  • Aukera - Bizkaiko Foru Aldundia Saria, 3.000 euroko saria: Gure gozamena (Amaia Chocarro).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu