Frederick Wisemenek bertan behera itxi dau bisitea

Bizkaie! 2023-11-10 08:52   Zinemea

Gaur, hilak 10, emongo deutso hasierea Zinebik 65. edizinoari.

93 urteko zinemagile estadubatuarra Bostongo (AEB) ospitale batean ingresau behar izan dabe, artistearen osasun egoereak okerrera egin dauelako. Ondorioz, ezin izan dau Bilbora helduko zan abioia hartu Ohorezko Mikeldi saria jasoteko.

Zipporah Films Wiseman-en filmak produziduten eta banatzen dituan konpainiak Zinebiko zuzendaritzeari adierazo deutsonez, zuzendaria Bilbora joateko gogotsu egoan.

Zazpi euskal film labur

Bilboko Udalak atondutako Zinebi Jaialdiak, gaur, hilak 10, emongo deutso hasierea eta zemendiaren 17an amaituko da. Halanda ze, edizinoko Sail Ofizialean - Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketan ikusiko ditue diran zazpi film laburrak aurkeztu ditu. Arriaga Antzokian proiektauko dira eta nabarmentzekoa da, esaterako, Eneko Sagardoy zinemagile durangotarrak zuzendari lanetan lehen film laburra estreinauko dabela.

Ondoko filmak lehiatuko dira jaialdian: Agrio (David Pérez Sañudo); Betiko gaua (Eneko Sagardoy); In a Nearby Field (Laida Lertxundi & Ren Ebel); Memories of an Empty House (Bruno Carnide); La mujer ilustrada (Isabel Herguera); Todo lo cubre la sal (Joana Moya); eta, Ximinoa (Itziar Leemans).

Lehiaketean parte hartuko daben zazpi laburrez gan, aurton Tamara García Iglesias zuzendari gipuzkoarraren Zarata euskal produkzinoa be izango da Sail Ofizialean. Opera Prima ZIFF - Zinebi First Film Luzeen Nazinoarteko Lehiaketan lehiatuko da, eta Estaduan Golem Alondiga zinema-aretoetan estreinauko da hilaren 11n, zapatuan, 19:45ean.

Horrezaz gan, beste 26 film ikusiko dira Bertoko Begiradak sailean: Danetara, sei film luze dokumental eta hogei film labur (hiru dokumental, hamabi fikzino eta bost animazino) emongo dira BBK Aretoan eta Azkuna Zentroko Auditorioan hilaren 12tik (domekea) 15era (eguaztena).

Inaugurazino galea

Gaur, hilak 10, inaugurazino galeagaz emongo deutso hasierea Zinebik edizino barriari, Arriaga Antzokian. 19:00etan photocall-a egingo da.

Ane Pikazak eta María Goiricelayak zuzenduko dabe galea eta berton, Félix Linaresi Ohorezko Mikeldia emongo deutse. Ganera, Zabalaren (We Are Standard ohia) musikea entzungo da. Ekitaldian izango dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeroailea, Vanesa Fernández ZINEBIko zuzendariagaz batera.

Ekitaldi eta proiekzino guztietarako sarrerak hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu