Zinebi-k, Iván Zuluetaren ia zortzi orduko material argitarabakoa eskainiko dau

Bizkaie! 2023-11-02 09:34   Zinemea

Las películas de Consuelo y Antonio + Aloha eta La celebración de la carne ikusteko aukerea dago gaur, zemendiak 2.

Zinebi – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Iván Zulueta euskal zinemagilearen jaiotzearen 80. urteurreneko ospakizunakaz bat egingo dau. Ivan Zulueta, Un, dos, tres, al escondite inglés (1969) edo Arrebato (1980) – Eusebio Poncela, Cecilia Roth eta Will More protagonista dituana- lako filmen zuzendari eta gidoigilea da, baita XX. mendeko azken hereneko filmetarako kartelen diseinatzaile nabarmenetako bat be.

Espainiako Filmategiak 4K formatuan berreskuratu eta digitalizautako material guztiak proiektauko ditu Zinebi-k. Material horreek Iván Zuluetaren artxibotik datoz eta orain urtebete baino gitxiago argitaratu barik egon ziran. Danetara, eta A/Z Zulueta inédito izenburupean, ia zortzi ordu dira galdutzat joten ziran materialez edo ia inon agiri ez ziranak.

Proiektatu beharreko pieza kopurua dala eta, ZINEBI-k 5 saioko ziklo honetako azken proiekzinoa sartzea erabagi dau, Josetxo Cerdán Los Arcosek eta Miguel Fernández Labayenek komisariauta, Jaialdiaren 65. edizioa egingo dan egunetan (zemendiaren 15ean, eguaztenean). Beste laurak, barriz, Jaialdia hasi aurretik, Golem Alondiga zinema-aretoetan izango dira ikusgai zemendiaren 2an eta zemendiaren 3an.

• Zemendiak 2, eguena – 17:30 (Golem 7)

1. Saioa: Las películas de Consuelo y Antonio + Aloha (131 min.)

Lehen saio honek A/Z Zulueta inédito zikloko lehenengo programa bik batzen ditu. Consuelo Vergarajauregui Ubarrechena eta Antonio de Zulueta y Besson-en filmak, Iván Zuluetaren gurasoenak (ezkonbidaia, Kantauri itsasoan zehar itsasontziz egindako bidaiak, Donostiako Zinemaldiko hartualdiak, Kirk Douglas agertzen dana eta familiako filmazinoak), Ivánen lehen film laburretako bati bide emoteko.

Jarraian, Villa Aloha, Zuluetatarren familiaren etxea ardatz daben filmazinoak erakusten dira, zinemagilearen unibersoaren oinarrizko lekua, Baenako Dukearen Pasealekuan kokatua eta Donostiako badiarako bista ikusgarriakaz.

• Zemendiak 2, eguena – 20:00 (Golem 7)

2. Saioa: La celebración de la carne (70 min.)

Askotan Zuluetaren queer sensibilidadea nabarmendu bada be, programa honek sexualidadeagaz izandako hainbat topaketa batzen ditu.

• Zemendiak 3, barikua – 17:30 (Golem 7)

3. Saioa: Fugas y escapadas + Viaje al final de la noche (128 min.)

Saio hau ondo bereizitako zati bitan dator, hau da,: lehenengo orduan, Iván Zuluetak Paristik Marokora Kaliforniatik pasauta egiten dituan bidaia fisiko eta mentaletara joaten gara; bigarrenean, lagun eta ezagunakaz egiten diran jaien berreskuratze batera joaten gara, topaketa neurribakoetara. Gozamena adierazpen artistiko eta politiko lez, Cecilia Roth, Luis Cobos, Vicente Ameztoy, Juan Cruz Unzurrunzaga, Antonio Gasset edo Javier Gurruchagagaz batera, besteak beste.

• Zemendiak 3, barikua – 20:00 (Golem 7)

4. Saioa: Alrededor de Arrebato (55 min.)

Arrebato zinema espainiarrean gehien goraipatutako filmetako bat da. Saio honetan Zuluetak bere film gogoratuena atontzen ebilen bitartean jorratutako ideak eta sensazinoak azaltzen ditu.

• Zemendiak 15, eguaztena 19:00 (Golem 3)

5. Saioa: Apuntes y bocetos (89 min.)

Zikloko azken saioak Iván Zuluetaren lana noraino heldu eitekean planteetan dau. Bertan jasotako proposamenetako batzuek bere ibilbidea norantz jo eikean pentsetan laguntzen deuskuen zenbait proposamen dagoz.

Saio hau Zinebi-ren 65. edizinoaren ospakizunean proiektauko da eta Trabajar con (y desde) el archivo izeneko topaketearen ondoren, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Bertan hartuko dabe parte Valeria Camporesi Espainiako Filmategiko zuzendariak, Miguel Fernández Labayen A/Z Zulueta inédito zikloaren komisariokideak, Santiago Aguilar Elías Querejeta Zine Eskoleagaz (EQZE) batera ZINEBI-k Euskadiko Filmategian dauen gordailuaren ikerketa-proiektuaren ikertzaile nagusiak, Pablo La Parra Pérez Donostia Zinemaldiaren artxiboaren aholkulariak eta euskal bideo-artearen ikus-entzunezko artxiboa ardatz dauen VideoFlux (UPV/EHU) ikerketa-proiektuaren ordezkariak diran Pablo Maravi eta Libe Belandia.

Plena Pausa

Zinebi-k Zuluetaren obrea eskainiko dau – 65. edizinoaren epilogo legez – zemendiaren 18an, Arriaga Antzokian, J, Los Planetas taldeko buruaren emonaldiagaz. Lehen aldiz aurkeztuko dau Euskadin Plena Pausa, Madrilgo Doré Zineman estreinautako gipuzkoar zinemagilearen film-artxiboaren zati bat musikalizetako proiektua. Bertan, J-k Natalia Drago gitarristea eta abeslaria, Miguel Martín tekladu jotzailea, Roberto Escudero baterian eta David Rodríguez eta Jaime Stinus gitarristak izango ditu lagun. Plena Pausa joan dan irailean argitaratu eben biniloan eta DVD-an, baina emonaldirako, J-k abesti batzuk erreserbau ditu -oraingoz- zuzenean interpretetako eginda dagozanak.

Sarrerak salgai dagoz Arriaga Antzokiaren webgunean, hemen.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu