Zinebik 43 herrialdetako 128 film proiektauko ditu

Bizkaie! 2023-10-23 13:10   Zinemea

Zemendiaren 10ean emongo deutso hasierea Arriaga Antzokian.

Bilboko Udalak atondutako Zinebik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia, zemendiaren 10ean, barikua, beste edizino bati hasierea emongo deutso, La Dramática Errante (Ane Pikaza eta María Goiricelaya) zuzendutako inaugurazino-galeagaz. Halanda ze, lehiaketearen 65. edizinoko sariak banatzeko itxiera ekitaldia zuzenduko dabe.

Programazino osoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko Udaletxean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu eta Eusko Jaurlaritzako Bozeroaileak Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako Zinegotziak, eta Vanesa Fernández Zinebiko zuzendariak parte hartu daben prentsa-aurrekoan.

Danetara, 43 estadutako 128 filmek hartuko dabe parte. Aurkeztutako filmen erdia baino gehiago estreinaldiak dira Estaduan eta erdiak baino gehiago emakumeek zuzendu ditue.

Sail Ofiziala

Zinebiren proiekzinoak zati bitan banatzen dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzino batzuk, besteak beste, Beautiful Docs, Bertoko Begiradak, Zulueta Inédito, Saio Bereziak eta Zinebi Meetings.

Sail Ofizialaren barruan, Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketeak 58 filmen aukeraketea aurkeztuko dau, Estaduan estreinetan diran 35 estadutatik datozenak. Horreen artean, zazpi euskal produkzino, Jaialdiaren inaugurazino ekitaldiaren amaierean proiektauko diranak: Agrio (David Pérez Sañudo, 2023), Betiko gaua (Eneko Sagardoy, 2023), In a Nearby Field (Laida Lertxundi y Ren Ebel, 2023), Memories of an Empty House (Bruno Carnide, 2023), La mujer ilustrada (Isabel Herguera, 2023), Todo lo cubre la sal (Joana Moya, 2023) eta Ximinoa (Itziar Leemans, 2023).

Ganera, Catarina Vasconcelos zinemagile portugaldarrak (La metamorfosis de los pájaros film luzearen zuzendaria), Berlinalen eta IndieLisboan saritua), Neus Ballús kataluniarrak (Sis dies corrent, Locarnon saritua, 2021) eta Lukas Marxt austriarrak (2020an Zinebi Sari Nagusia irabazi ebana) beren film labur barriak aurkeztuko ditue.

Sail Ofizialeko ZIFF - Zinebi First Film arloan, 10 estadutatik etorritako 9 film luze lehiatuko dira. Horreek guztiak lehen aldiz proiektauko dira estaduan eta horreen artean dago Zarata euskal produkzinoa, Tamara García Iglesiasek zuzendua eta bagilean FID Marseillen (Frantzia) mundu mailako estreinaldia izan ebana.

Ohorezko Mikeldi Saria

Urtero lez, Zinebik zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa autortzen dau. 65. edizinoan, Jaialdiak zinemagileri bi, Frederick Wiseman eta Rita Azevedo Gomes, eta Félix Linares kazetari eta zinema kritikariari emongo deutsee Ohorezko Mikeldi Saria.

Wisemanek Ohorezko Mikeldi saria jasoko dau Arriaga Antzokian zezeilaren 10ean, Zinebiren inaugurazino ekitaldian hain zuzen be. Ganera, zezeilaren 11n eta 16an, estaduan estreinauko dauen bere produkzino barriena proiektauko da, Menus Plaisirs–Les Troisgros (2023).

Rita Azevedo Gomesen kasuan, barriz, Jaialdiak bere obraren oinarri dan ondare kulturalagaz dauen errespetua eta esperimentazino inkonformistea autortzen dau, betiko lez, topikoak eta leku amankomunak auzitan jarteko prest.

Zuzendaria 2016an Bilbon izan zan Correspondências filma aurkezten. Oraingoan, Cecilia Barrionuevo ECAMeko nazinoarteko mintegien eta topaketen koordinatzaileagaz berba egingo dau, zuzendari bezela egin eban lehen film luzearen proiekzinoaren ondoren, O Som da Terra a Tremer (1990). Ohorezko Saria jasoko dau Jaialdiaren amaiera ekitaldian, hilaren 17an.

Zinebik hirugarren Ohorezko Mikeldi Saria emongo deutso Felix Linares zinema kritikari bilbotarrari. ETBko La noche de... saioa aurkezteari itxi dau aurten, eten barik 28 urtez egon ondoren. Sariak ibilbide profesional luzea autortu nahi deutso, zinemean eta kulturean interesa modu aktiboan zabaldu dauelako (1.500 programa, hain zuzen be).

Sarrerak

Urtero lez, jaialdiak egoitza ugari izango ditu: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilborock, BBK Aretoa, Golem Alondiga Zinema eta Azkuna Zentroaren Auditorioa.

Azkuna Zentroko Auditorioko eta Golem Alondiga zinema-aretoetako emonaldietarako banakako sarrerak (4,50 euro) eta 10 saioko bonuak (35 euro) erosi ahal izango dira zemendiaren 5etik aurrera Golemeko leihatiletan. Gazteentzat eta 60 urtetik gorakoentzat, prezio murriztuan erosi ahal izango ditue, sarrerak 3,5 euroan eta bonuak 20 euroren truke hain zuzen be.

Zinebi, etxetik be ikusgai

Aurtengo barrikuntzea da Zinebik EITBren Primeran dobako plataforma digitalera zabalduko dituala bere proiekzinoak. Plataforma horrek Jaialdiaren aurreko edizinoetan proiektau diran euskal produkzinoko filmen bilduma bat jarriko dau herritar guztien eskura.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu