Dunia Ayaso 2023 Sariaren hautagaiak iragarri ditue

Bizkaie! 2023-09-28 09:04   Zinemea

Isabel Coixet, Alvaro Gago, Elena Martin Gimeno, Silvia Munt eta Claudia Pinto dira hautagaiak.

SGAE Fundazinoak eta Donostiako Zinemaldiak Dunia Ayaso Sariaren zazpigarren edizinoan lehiatuko diran film luzeen hautagaitzak jakinarazo ditue: Isabel Coixeten Un amor; Alvaro Gagoren Matria; Elena Martin Gimenoren Creatura; Silvia Munten Las buenas compañías; eta Claudia Pinto Emperador egilearen Mientras seas tú, hain zuzen be.

2023ko saria irailaren 29an emongo da, 17:00etan, Kursaal Gunean. Omenaldia izango da, izan be, SGAE Fundazinoak orain bost urte hildako gidoigile eta zuzendari kanariarra gogoan izan nahi dau ekitaldi honegaz eta, horrezaz gan, emakumezkoaren rola zinemagintzan azpimarratzea.

Film luze finalistak 71. Zinemaldiaren hainbat sekzino edo ataletan ikusteko aukerea egongo da: Un amor sekzino ofizialean, Las buenas compañías Zinemiran eta Made In Spain SGAE Fundazinoak berak atontzen dauen atalean Matria, Creatura eta Mientras seas tú.

Dunya Ayaso Sariak, genero begiradea erakusten daben lan zinematografikoak autortzen ditu, halanda ze, genero bardintasunaren behar eta erronkearen testigantzea hartzen dituan gidoiletza edo eta zuzendaritza lanak. Irabazleak 5.000 euroko saria jasoko dau.

Aurreko edizinoetan honako emakumezko zinemagileek irabazi eben saria: Carla Simon 2017an Verano 1993 filmagaz; Arantxa Echevarria bilbotarra, Carmen y Lola (2018); Belen Funes, La hija de un ladrón (2019); Pilar Palomero Las niñas (2020); Ainhoa Rodriguez, Destello Bravo (2021); eta, azken edizinoan, Rocio Mesa Secaderos filmagaz (2022).

Dunia Ayaso

Dunia Ayaso gidoilari eta zuzendaria (Las Palmas, 1961, Santa Cruz de Tenerife, 2014), Perdona bonito pero Lucas me quería a mí, Descongélate edo La isla interior lako filmen egilea izan zan. Telebistarako be, lan ugari egin eban, esaterako, Mujeres edo Quítate tú para ponerme yo. SGAEko bazkidea, ibilbide profesionalean zehar jaso eban sarien artean, 2009an TVEk emondako Navaja de Buñuel nabarmentzen da, La isla interior filmagaz autortua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu