Donostia Zinemaldiko sei film izango dira Euskadi Basque Country Sarirako hautagaiak

Bizkaie! 2023-09-19 09:13   Zinemea

Saria, 20.000 eurokoa, film irabazlearen produktore nagusiari emongo jako irailaren 28an.

Sari horrek jasangarritasunaren eta alkartasunaren balioak hobeto islatzen dituen filma autortuko dau, Nazino Batuen 2030 Agendeak bultzatutako Garapen Jasangarrirako Helburuen enblema nagusi legez.

Lehian izango diran filmetako bi Sail Ofizialekoak dira: Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt eta Kitty Greenen The Royal Hotel. Ganerako laurak, barriz, Perlak sailetik datoz: Aku wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist, Ryusuke Hamaguchirena, Venezian Zilarrezko Lehoia Epaimahaiaren Sari Nagusia eta FIPRESCI saria irabazi barri dituana; Io Capitano / I'm Captain, Matteo Garronek zuzendua eta zuzendari onenaren Zidarrezko Lehoia eta aktore gazte onenaren Marcello Mastroianni saria (Seydou Sarr) irabazi dituana; Bâtiment 5 / Les Indésirables, Ladj Lyrena eta The Zone of Interest, Jonathan Glazerrena, Cannesko zinema-jaialdiko Grand Prix saria eta FIPRESCI saria irabazi zituana.

2030 Euskadi Basque Country Agenda Sariaren epaimahaian dagoz Greta Fernández aktore katalana (Zidarrezko Maskorra La hija de un ladrón filman egindako lanagaitik), Loreto Mauleón euskal antzezlea (Platino bat eta Feroz bat Patrian egindako lanagaitik) eta Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Barrikuntza Sozialeko zuzendaria.

Saria, 20.000 eurokoa, film irabazlearen produktore nagusiari emongo jako irailaren 28an (19:00retan) Tabakalerako Prisman egingo dan ekitaldian.

Barrikuntza legez, The Royal Hotel filmaren egile dan Kitty Green zinemagile australiarraren berbaldia izango da aurten Zinemaldiko Barriketaldietan eta zinemearen botere eraldatzaileari buruz egingo dau berba. Hitzordua hilaren 25ean izango da, 16:30ean, Tabakalerako Z aretoan eta doban izango diran sarrerak ekitaldiaren bezperatik aurrera egongo dira eskuragarri Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu