14 personak idatzitako gutunari erantzunez

Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria 2023-09-13 08:06   Zinemea

No me llame Ternera filma (Jordi Évole eta Màrius Sánchez, 2023) gure programazinotik kentzeko eskatzekoa.

Adiskide agurgarriok:

Donostia Zinemaldiak ez dau jaso 514 personak idatzitako gutun hori, No me llame Ternera filma (Jordi Évole eta Màrius Sánchez, 2023) gure programazinotik kentzeko eskatzekoa eta, beraz, komunikabideei bialdutako ohar honen bidez erantzutea beste erremediorik ez dot, komunikabideen medioz izan baitot gutun horren barri.

Lehenik eta behin, eskertu egin nahi deutsuegu, zuen gutunean adierazoten dozuelako Donostia Zinemaldiak salatu egiten dituala terrorismoa zuritzeko jokabideak eta giza eskubideen printzipioak bereganatu eta defendidu egiten dituala. Hagaitik, zuen gutunaren arabera, No me llame Ternera filma kendu egin beharko litzateke Zinemaldiaren hurrengo edizinoko programazinotik, Josu Urrutikoetxea protagonista dauelako, ETA talde terroristearen ibilbidean erantzukizun handiak izan zituan baten bat, hain zuzen, eta gu ez gatoz bat eretxi horregaz.

Zinemea, beste gauza askoren artean, historiaren iturria da, eta maiz arduratu izan da pantailara eroateaz indarkeria-jazoera justifikaezinen egileak diran protagonistak, baldin eta hareen inguruan ikertzeko borondatea izan bada. Oso ezagunak dira Shoah (Claude Lanzmann, 1988), S-21, la machine de mort Khmère rouge (Rithy Panh, 2003) eta The Act of Killing (Joshua Oppenheimer, Christine Cynn, 2012). Horri guztiari buruz hausnartu genduan 2016an, The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala zikloaren bidez (liburu bat be argitaratu zan): 32 film programau ziran bertan, askotan salaketa-arma lez, analisirako bitarteko lez edo arazo tragiko askotan zuzenean esku hartzeko modu lez sortuak.

Orain aztertzen gabizen ez-fikzinoak ez dau ETA ez justifiketan ez zuritzen, Zinemaldiak ez leukelako pelikularik emongo premisa horreekaz. Adibide bat jartearren, eta aste honetan Pinochetek Txilen gauzatutako estadu-kolpearen 50. urteurrena izan dala gogoratuz, guk ez geunke inoiz programauko demokraziaren kontrako eraso gogor ha eta horren ondorengo milaka biktimen kontrako mendeku edo errepresaloarik justifikauko leukezan pelikularik. Alabaina, Donostian programautako dokumental batean, kolpista nagusi hareetako batzuei egindako alkarrizketak jasoten ziran: Pinochet y sus tres generales (José María Berzosa, 2004). Ahotsa emoteak ez dau ezelan be esan nahi arrazoia emotea, eta hori probauta edo egiaztauta geratu zan film haretan.

Laburbatuz, uste dogu No me llame Ternera filma ikusi egin behar dala kritikau aurretik, eta ez alderantziz. Horri jagokonez, prest gagoz proiekzino pribatu bat egiteko, zuen ordezkariz osotutako talde txiki baten aurrean.

Agur bero bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu