Juliette Binoche eta Gabriel Byrne, Zinemaldian egongo dira

Bizkaie! 2023-09-08 12:40   Zinemea

François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Aidan Gillen, Mads Mikkelsen, James Norton eta Dominic West aktoreak be izango dira jaialdian.

Mundu osoko zinemagile eta antzezleek berretsi egin dabe Zinemaldiaren 71. edizinoan izango dirala: Juliette Binoche, Gabriel Byrne, François Cluzet, Emmanuelle Devos, Griffin Dunne, Aidan Gillen, Mads Mikkelsen, James Norton eta Dominic West euren filmak erakustera etorriko dira Donostiara eta Zinemaldiaren galetan parte hartuko dabe.

Víctor Erice (Donostia Saria jasoko dau irailaren 29an) eta Javier Bardem (SAG-AFTRA Estadu Batuetako Aktoreen Sindikatuak deitutako grebea dala-eta, 2024. urtean jasoko dau Donostia Saria), Zinemaldiak Hayao Miyazaki animazinoaren maisu japoniarraren ibilbidea be autortuko dau. Miyazakik era birtualean jasoko dau Donostia Saria inaugurazino-galan.



Horrezaz gan, gaur egungo zinemagile esanguratsuenak Donostiara etorriko dira euren filmakaz batera:  Maite Alberdi (La memoria infinita, Perlak), J. A. Bayona (La sociedad de la nieve, Perlak), Robin Campillo (L'île rouge, Sección Oficial), Isabel Coixet (Un amor, Sección Oficial), Michel Franco (Memory, Perlak), Mateo Garrone (Io Capitano, Perlak), Craig Gillespie (Dumb Money, Perlak), Jonathan Glazer (The Zone of Interest, Perlak), Kitty Green (The Royal Hotel, Sección Oficial), Todd Haynes (May December, Perlak), Tran Anh Hung (La passion de Dodin Bouffant, Culinary Zinema), Tatiana Huezo (El eco, Horizontes Latinos), Ladj Ly (Bâtiment 5, Perlak), James Marsh (Dance First, Sail Ofiziala), Cristi Puiu (MMXX, Sail Ofiziala), Valeria Sarmiento (El realismo socialista, Klasikoak), Justine Triet (Anatomie d'un chute, Perlak) eta Fernando Trueba eta Javier Mariscal (They Shot the Piano Player, Sail Ofiziala).

Sail Ofizialean, Griffin Dunne, Miles Heizer eta James Norton aktoreek lagun egingo deutsee Noah Pritzker zuzendariari Ex-Husbandsen aurkezpenean; Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da film hori, baita Raven Jackson zinemagilea eta Adele Romanski produktorea be, All Dirt Roads Taste of Salt aurkeztuko dabe. Joaquim Lafosse (Un silencegaz parte hartzen dau) Daniel Auteuil eta Emmanuelle Devosegaz etorriko da Donostiara; François Cluzet eta Vincent Lacoste be Donostian izango dira Un métier serieux filma aurkezten; Xavier Legrandek Le successeur defendiduko dau filmako protagonista, Marc-André Grondin eta Yves Jacques aktoreakaz batera; eta Robin Campillo L'île rouge filmaren zuzendariak gauza bera egingo dau Quim Gutiérrez eta Nadia Tereszkiewiczagaz. Cristi Puiu zinemagile errumaniarrak MMXX aurkeztuko dau Dorian Boguta, Florin Tibre, Laurentiu Bondarenco, Adelaida Perjoiu eta Otilia Panainte aktoreakaz. Kitty Green produktorea (The Royal Hotel), Christos Nikou (Fingernails) eta Isabella Eklöf (Kalak) be izango dira Donostian. Amaierako filmak (Dance First) ordezkari ugari izango ditu: Marsh, Byrne, eta Gillenez gan, Fionn O'Shea be bertan izango da.

Sail horrezaz gan, betikoak be dagoz, besteak beste, Donostia Saria Emonaldia, Zuzendari Barriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema, Ikastetxeak Belodromoan, Atzerabegirakoa, Klasikoak eta Fipresci Sari Nagusia.

Epaimahai Ofiziala

Sail Ofizialeko epaimahaiburua Claire Denis zuzendari frantsesa izango da. Besteak beste, Cannesko Jaialdiaren Sari Nagusia, Berlinaleko Zilarrezko Hartza, Locarnoko Urrezko Lehoinabarra eta Fifresci sariak irabazi ditu. Zinemagile frantsesaz gan, Fan Bingbing aktore txinatarrak, Cristina Gallegok, Brigitte Lacombrek, Vicky Luengok, Robert Llantosek eta Christian Petzoldek osotuko dabe epaimahi ofiziala

71. edizioko sarrera-salmenta eta programazinoa

Programazinoa hurrengo astelehenean argitaratuko dabe, hilak 11n hain zuzen be. Sarreren salmenta orokorra hilaren 17an hasiko da, 9:00etan. Egun horretan, Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahalko dira (barikua 22, zapatua 23 eta domekea 24).

Sarrerak eta informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu