'Nada' telesailaren mundu estreinaldia, Culinary Zinemari hasierea emoteko

Bizkaie! 2023-08-31 13:22   Zinemea

Hiru film luze eta telesail bat lehiatuko dira Culinary Zinema Film Onenaren Saria eskuratzeko.

Zinemagintzea eta gastronomia buztartzen dituan atala da Culinary Zinema, Donostiako Zinemaldiaren barruan. Aurtengo proposamenen artean, Mariano Cohn eta Gastón Duprat argentinarren Nada, Tran Anh Hung Vietnamekoaren La passion de Dodin Bouffant, Xiao Haiping txinatarraren Nan fang nan fang, Melanie Liebheit eta Gereon Wetzel alemaniarren She Chef eta azkenik, lehiaketatik kanpo, Mariano Carranza perutarraren Pachacútec, la escuela improbable dagoz.

Nada telesailak emongo deutso hasierea sailari: Duprat eta Cohn zuzendariek, egoera larrian dagoan etxeko langile baten istorioa kontetan dabe, 30 minutuko bost kapitulutan. Luis Brandoni eta Majo Cabrera dira aktoreak eta Robert De Niro artista konbidadu bezela agertzen da azkenengo atalean.

Ondoren, Nan fang nan fang (Xiao Haiping) proiektauko da. Protagonistea Pekin itxi eta bere jaioterrira bueltetan da.

Bestalde, Mario Carranzaren Pachacútec, la escuela improbable film ertainak Peruko hiru sukaldarien bizitzea kontetan dau. Film hau, ertaina danez, lehiaketatik kanpo dago. 

Alemaniatik datozen Liebheit eta Wetzel zuzendariek Agnes sukaldari gaztearen istorioa jorratu dabe She Chef lanean.

Sailari amaierea emoteko, Tran Anh Hung-ek La passion de Dodin Bouffant aurkeztuko dau. XIX. mendean girotutako filma, Juliette Binoche dau protagonista; filmak Canneseko jaialdian zuzendari onenaren saria jaso eban.

Afari tematikoak

Zinemagintzea eta gastronomia buztartzeko asmoaren erakusgarri, afari tematikoak proiektautako pelikuletan ikusitakoari lotuta egongo dira. Culinary Zinema irailaren 25etik 29ra egingo dabe, egunero film bat eta osteko afari tematikoa. Proiekzinoa ikusteko sarrerak 8,50 euroan salduko ditue eta proiekzinora eta afarira joan gura dauenak 80 pagau beharko ditu.

Culinary Zinemak bere ohiko formatuan egingo da, hau da, hamar jankide mahai bakotxeko, esperientzia aberastuko dauen alkarrizketak sustatzeko. Basque Culinary Centereko irakasleek eta ikasleek afari guztietan parte hartuko dabe, sukaldean eta aretoan lagunduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu